Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautuko duen lege berriak kontsulta publikoko fasea gainditu du

Publicado: miércoles, 7 agosto 2019 14:05

DONOSTIA, 7 Ago. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bete du Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berriaren aurretik egin beharreko kontsulta publikoko derrigorrezko tramitea. Administrazioaren 'euskadi.eus' eta 'Irekia' web-atarietan entzunaldia eginez burutu da prozesua. Horren bitartez, lege berriak eragina izan dezakeen erakundeen eta herritarren iritziak jaso ahal izan dira.

Sailak aurreko legea eguneratzea beharrezkoa ikusi du, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 2/2003 Legea indarrean sartu zenetik 15 urte igaro direlako. Orduz geroztik, gizartean aldaketa handiak gertatu dira.

Arautu beharreko praktika berri horien artean azpimarra daitezke merkaturatutako produktu berriak eta hauek erabiltzeko moduak, batez ere esparru teknologikoan. Edo kontsumo ohitura berriak eta webgunearen bitartekaritzarekin zerbitzuak eskaintzea, kontratazioen kasuan dokumentuen inguruko lasaikeria, eta produktuak urrutitik zabaltzeko eta komertzializatzeko modu berriak. Horrek guztiak, Espainian zein Europan izandako eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan eragin duten arauen inguruko hainbat aldaketekin batera, erregulazio osatua emango duen lege berri bat egitea eragin du.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berriak kontsumoaren arloan administrazio publikoen arteko erlazioak antolatuko ditu, bai eskuduntzak arautzeko esparruan, bai elkarren arteko lankidetza egituratzean. Halaber, hautemandako kontsumo praktika berriak arautuko ditu, urrutiko edo merkataritza establezimendutik kanpoko kontratazioetan arreta berezia jarriz.

BABESA ETA KONTSUMOA

Azpimarratu beharreko berrikuntzen artean aipatu behar da kolektibo jakin batzuk babesteko jarduketak areagotuko direla. Bertan, bereziki kontuan hartuko dira kontsumitzaile edo erabiltzaile zaurgarriak edo bereziki babestu beharreko kolektiboak, adibidez, haurrak eta adineko pertsonak.

Estatutu berrian, batez ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen segurtasun arloko babesa eta kontsumo ikuskapena hartuko dira kontuan. Orain indarrean dagoen araudian alderdi horiek arautegi bidezko garapena egitera baldintzatuta geratu ziren arren, garapen hori ez zen gauzatu. Eta kontsumo arloko zigorrak eta arau hausteen katalogoa hobeto landuko dira.