Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Jesus Egigurenen "Kindly Symphony" estreinatuko du

Euskadiko Orkestra SInfonikoa
EUSKADIKOORKESTRA.ES
Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 15:30

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean kontzertuak eskaintzera eramango duen bere bonu-denboraldiko zortzigarren programa prestatzen ari da egunotan eta, Oleg Caetaniren zuzendaritzapean, Jesus Egiguren konpositore durangarrari eskatutako "Kindly Symphony" obra estreinatuko du.

Partitura hau, EOSek euskal konpositoreen ekoizpenaren sorkuntza eta zabalkuntza bultzatzeko politikaren baitan eskatutako obren katalogoari batzen zaio. Bonu-programa berri honi dagozkion kontzertuak otsailaren 5ean Gasteizko Principal Antzokian, 7 eta 10ean Donostiako Kursaal Auditoriumean, 8an Iruñeko Baluarten eta 9an Bilboko Euskaldunan izango dira. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, EOSeko ituriek jakinarazi dutenez.

Oleg Caetani maisua 1999an aritu zen lehenengo aldiz EOSen denboraldian zuzendari gonbidatu gisa, eta ordutik beste zenbait alditan izuli da, bai EOSen podiumera eta baita Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi-ren zuzendari gisa; izan ere, 1999tik harreman berezia du italiar orkestra honekin.

Bestalde, Jesus Egigurenen (Durango, 1945) "Kindly Symphony" pieza "ohiko sinfonia klasikoa da, bizi dugun garaiaren ezberdintasunekin eta egileak zilegi dituen lizentziekin betiere", egilearen beraren hitzetan. Lizentzia horietako bat "tratamendu laburra" da, sinfonia "kotzentratutzat" jo daitekeelarik.

Zuzendari izan zen Durangoko Orfeoiarekin duen harremana dela eta, bere konposizio-katalogoan nagusi dira abesbatzarako lanak; 50etik gora dira eta horien artean aipagarriak "12 apuntes a un tema vasco" (1987), "Et j'aime uniquement" (1994), "Kometak haizetan" (1996) eta "Ad festivitatem Corpus Christi" (2004).

Egigurenek bere emaztearen oroitzapenari eskainitako "Kindly Symphony" EOSen enkarguen katalogoari gehitzen zaio, Carmelo Bernaola, Felix Ibarrondo, Luis de Pablo, Anton Larrauri, Francisco Escudero, Rafael Castro, Tomás Aragüés, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Zuriñe F. Gerenabarrena, Antonio Lauzurika, Joseba Torre eta hemendik aurrera Jesús Egigurenen beraren lanak biltzen dituen katalogoari, alegia.

Estreinaldi honetaz gain, "Formaren laudorioa" izenburuko kontzertuen egitaraua beste bi sinfoniak osatuko dute: Franz Schuberten "2. Sinfonia" eta Cesar Francken "Sinfonia re minorrean". Programa honen inguruko oharren egilea den Juan Manuel Vianaren ustetan, "artean nerabea zen Schubertek bere 2. Sinfonian Vienako klasizismoaren eskemei eutsi zien; aldiz, bizitzaren azken aroan Franck belgikarrak forma ziklikoko ideala sintetizatu zuen egin zuen sinfonia bakarrean".