Euskadin 181 migratzaile artatu zituzten ekainean, duela urtebete baino %74 gutxiago

IREKIA
Actualizado: lunes, 15 julio 2019 11:06

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Elkarbizitzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esan du migratzaileak behar ditugula eta gizarteari egiten dieten ekarpena "behar beharrezkoa" dela. Bestalde, Euskadira joan den ekainean 181 migratzaile iritsi zirela jakinarazI du, iaz baino %74 gutxiago.

Euskadi Irratian egindako eta Europa Press berri agentziak jasotako elkarrizketa batean, Fernandezek esan du Jaurlaritza prest dagoela migratzaileen etorrerarekin zerikusia duen edozein gertakariren aurrean, baina "zenbakiak oso desberdinak" direla joan den urteko datuekin alderatuta.

Hala, adierazi duenez, iazko ekainean beste herrialde batzuetako 6.200 pertsona iritsi ziren Andaluziara, eta aurten 2.300 inguru. Halaber, Euskadin, 2018ko ekainean, 690 pertsona migratzaile artatu zituzen, eta aurten 181 bakarrik izan dira, hau da, %74 gutxiago.

Edonola ere, Fernandezek esan du ez dutela baztertzen pertsona migratzaileen kopuruak haztea eta edozein momentutan joera hori aldatzea: "Horregatik, prest egon behar dugu eta indarrean mantentzen dugu iaz egin genuen kontingentzia plana. Kontuan hartu behar da iaz oso hilabete konplikatua izan zela urria. Orduan, urtea amaitu arte prest egongo gara eszenatoki ezberdinei erantzuna emateko".

"FAKTORE ASKO"

Zentzu horretan, Jonan Fernandezek esan du "faktore asko" daudela etorkin kopuruak jaitsi izanaren inguruan, baina zaila dela esatea zein den nagusi. Hala, esan duenez, "badirudi Marokon beste kontrol batzuk daudela une honetan, baina hipotesiak dira eta ezin da benetako arrazoia ziurtatu".

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Elkarbizitzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak adierazi duenez, migrazioa "Europan dugun fenomenoa da eta mantendu egingo da, eta egoera oso ezberdinei erantzuteko prest egon behar dugu".

"Zaila da esatea zein forma hartuko duen. Pertsonen mugimenduak eta migrazioa, errefuxiatuenak edo migranteenak, etengabeko errealitate bat izango da eta egoera ezberdinei aurre egin beharko diegu. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar migranteak behar ditugula, lan merkatuak eskatzen duelako, gure gizartearen maila mantentzeko, gure krisi demografikoa kontuan hartu behar da, eta migranteen ekarpena behar beharrezkoa izango da. Migrazioa errealitate bat da eta migranteen beharra ere beste errealitate bat da", nabarmendu du.