Euskal Eurohiria garatzeko bilera egin dute Urruñan

Bileran izan diren ordezkariak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 3 marzo 2016 17:44

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Euskal Eurohiria garatzeko Mugaz Gaindiko Agentziaren Gerentzia Kontseilu Zabalduak laneko bilera egin du ostiral honetan Urruñan (Lapurdi), eta parte hartzaileek oinarriak jarri dituzte Euskal Eurohiriaren 2014-2020 Plan Estrategiko Operazionala aurrera eramateko -hirugarren fasean sartuko da- eta proiektu ekonomikoei buruzko lantalde bat jarri dute martxan.

   Bileran izan dira Mugaz Gaindiko Agentziako bi buru nagusiak, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Jean-Rene Etchegaray Aglomeración Côte Basque Adour erakundeko presidentea, Bidasoa-Txingudi Partzuergoko, Sud-Pays Basque aglomerazioko, Donostiako Udaleko eta Oarsoaldea Garapen Agentziako hainbat ordezkarirekin batera.

   Euskal Eurohiriaren 2014-2020 Plan Estrategiko Operazionala aurrera eramateko oinarriak jartzeaz gain, Euskal Eurohiriko Sare Berde eta Urdinaren proiektua ere jorratu da, proiektu ekonomikoei buruzko lantalde bat jarri da martxan, helburuak eta osaketa zehaztuz, eta abian diren beste zenbait proiekturen errepasoa egin da, hala nola eKop Mugaz Gaindiko Enpresa ekimenaren saria edo mugaz gaindiko eskola arteko trukaketa programa.

   Gipuzkoako Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, Agentzian bat eginda dauden erakundeek bultzada eman diote Plan Estrategiko Operazionalari. Proiektuak zehazteko fase batean sartuko da orain, bost lan ildo nagusitan izendatu diren lantaldeen bitartez: berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatu, klima aldaketari aurre egin eta arriskuen prebentzioa eta kudeaketa, tokiko baliabideen babesa, balorizazioa eta erabilera jasangarria sustatu, pertsonen eta ondasunen mugikortasuna erraztu, eta lurraldeen eskumenak eta txertatzea indartu.

LANTALDE EKONOMIKOA

   Erabaki nagusietako bat, arlo ekonomikoari lotutako lantaldea martxan jartzea izan da, orain arte agentziaren lan ildo nagusienak izan direnak zabalduz -mugikortasuna eta ingurumena-. Horrela, mugaz gaindiko eremuan ere, ekonomiaren sustapenak berebiziko garrantzia hartuko du, interes esparru jakin batzuei lotuta, hala nola aeronautika, I+G+i, energia berriztagarriak edo hiri adimentsuak.

   "Helburu hori bat dator bete-betean Gipuzkoako enpresa ehuna sendotzeko gure lehentasunarekin, Ekonomia Suspertzeko Planean jasotakoarekin", adierazi du Imanol Lasak.

   EKop sariaren zuzkidura ekonomikoa ere handituko da. Sari banaketa ekitaldia ekainaren bigarren zatian izango da, Irungo Ficoban. Erakunde publiko zein pribatuei dago zuzenduta, beren jarduera, konpromisoa edota proiektuak Euskal Eurohiriaren mugaz gaindiko eremuaren garapen ekonomikoari, aintzatespenari edo balorizazioari ekarpen positiboa egiten diotenean. Arlo ekonomikoko elkarlan esperientziak ere eskertu eta sustatu nahi dira, lankidetza kasuen eredugarritasuna azpimarratuz, etorkizunerako giltzarri gisa.

   Azkenik, eskola arteko truke programari dagokionez, ikastaro honetan 12-15 urte bitarteko 350 ikasle ari dira parte hartzen guztira, Euskal Eurohiriko 16 ikastetxetakoak.