Euskal Herriko Surf Federazioak Nazioarteko Surf Elkarteko kide izateko eskaera formala egin du

Maialen Saez, ISAren egoitzan
IREKIA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 13:21

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) nazioarte mailan ofizialtasuna berreskuratzeko eta Nazioarteko Surf Elkarteko (International Surfing Association, ISA) kide izateko eskari formala egin du, Eusko Jaurlaritzak lagunduta. EHSFko ordezkariak ISAk La Jollan (Kalifornia, AEB) duen egoitzan egon dira, nazioartean aitortza ofiziala izateko eskari formala egiteko. Ekimenaren helburua da 2005era arte nazioartean izan zuen aitortza berreskuratzea.

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, EHSFko presidenteorde eta Gipuzkoako Surf Federazioako presidente Maialen Saez izan da Kalifornian, Eusko Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkari Jorge Fernandezek lagunduta. Aldeko ebazpena lortuz gero, euskal selekzioa ordezkaritza propioarekin lehiatuko litzateke ISAk antolatzen dituen mundu mailako txapelketetan.

"EHSFk 1990. urtean Europako Federazioan zuen nazioarteko posizioa berreskuratzeko lehen pauso bat da. Hamabost urtez mantendu genuen izaera ofizial hori, harik eta 2005. urtean Espainiako Surf Federazioa (FES) Europako Federazioko kide bilakatu zen arte. Orain, EHSFren eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, arautegi eta lege mailako baldintzak betetzen dira nazioarteko ordezkaritza ofiziala berreskuratzeko. Horren harira, nabarmendu beharra dago EHSFk idatzi bat bidali diola Espainiako Surf Federazioari, ekimen honen inguruan informatzeko helburuarekin", azaldu du Saezek.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkariak esan du, eskaria aurkeztu ondoren, "hitz egiteko epe bat irekitzea" espero dutela, "nazioartean elkarren arteko lankidetza eta bizikidetza lortu ahal izateko".

EHSFk 2017ko abenduan egin zuen batzarrean aho batez onartu zuen ISAri eskari hau egiteko erabakia, eta nabarmendu du kirol eta kultura izaerako aldarrikapen bat dela: "Xedea da surflari profesionalak babestea eta sustatzea, bai eta munduko txapelketetan euskal selekzioa defendatzeko aukera ematea ere". Horrela, txosten juridiko bat, eskaria bera eta surfak Euskadin duen pisua erakusten duen ikus-entzunezko lan bat eman die euskal ordezkaritzak ISAren ordezkariei.

JAURLARITZAREN BABES OSOA

Euskal surfak historikoki izan duen nazioarteko bokazioa kontuan izanda, Jaurlaritzak babes osoa eskaini dio nazioartean ordezkaritza propioa izateko aldarrikapenari. Honela, gai honetan aditu den David Salinas-Armendariz legelariaren aholkularitza izan du EHSFk, eskaria berme guztiekin aurkeztu ahal izateko.

Ildo horretan, Jon Redondo Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak EHSFk eman duen pausoa txalotu du: "Gure federazioen eta, bere kasuan, gure selekzioen nazioarteko aitortza ofiziala posible da zenbait kiroletan. Surfa horietako bat da, ISAk Euskadiren ezaugarri berdintsuak dituzten lurralde askotako federazioak onartu baititu. Halaber, gure herrian surfaren inguruan dagoen tradizio itzela aintzat hartu beharra dago. Eskariak baiezko ebazpena izatea espero dugu, baina horrela ez bada, ekin eta ekin jarraituko dugu EHSFren bidaide izanaz hasi duen bide honetan".

Eskari honen inguruko ebazpenaren zentzua datozen hileetan zehaztuko da eta, azken emaitza dena dela, EHSFk eta Jaurlaritzak ISAk egin dien "gizalegeko harrera" eskertu dute. Kaliforniara egindako bidaiaren data berberetan, ISAk Huntington Beach-en antolatu duen Vissla Junior World Championship txapelketa egin da; 42 herrialdetako surflari hartu ditu mundu mailako txapelketa, eta EHSFk parte hartu duten euskal kirolariak babestu ditu.