Euskal Kostaldeko Geoparkea zaindu eta ikerketa zientifikoa bultzatzeko konpromisoa berretsi dute

Bileraren une bat
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 18:01

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin dio ostegun honetan Foru Jauregian International Union of Geological Sciences (IUGS) erakundeko idazkari nagusia den Stanley Finney geologo estatubatuarrari, eta biek ala biek Euskal Kostaldeko Geoparkea zaintzeko eta ikerkuntza zientifikoa bultzatzeko konpromisoa berretsi dute. Finney Euskal Kostaldeko Geoparkeko batzorde zientifikoaren presidentea ere bada.

Hain zuzen, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua ere izan den bileran, Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkearen "balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferentea izaten jarraitzeko konpromisoa" berretsi dute Olanok eta Finneyk.

2013an, Gipuzkoako Aldundiak eta IUGS erakundeak hitzarmena sinatu zuten Zumaiako estratotipoak zaindu eta kudeatzeko. Bileraren ondoren egindako agerraldian, Olanok hitzeman du Aldundiak Gipuzkoako altxor geologikoa "ondo zaindu eta kudeatuko" duela, eta IUGSek, aldiz, "mundu osoan zehar Geoparkearen modeloa erreferente bezala zabaltzeko" konpromisoa hartu du.

"Ikerketa zientifikoa bultzatzea geologian, mundu mailako erreferentea izaten jarraitzeko aukera bakarra izateaz gain, proiektuaren sinesgarritasuna ere areagotzen du", ziurtatu du Olanok. Finneyk, bere aldetik, azpimarratu du Zumaia, Deba eta Mutriku bitarteko Geoparkearen kudeaketa "oso ona" dela, eta gune natural horren kontserbazio eta balio zientifikoa ezagutzera emateko Aldundiak egindako lana azpimarratu du.

Olano, Aizpuru eta Finneyrekin batera, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoa ere izan dira.

Ostiralean, Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera izango du Deban, zientzilariei Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman eta beraien partaidetzaren garrantzia azpimarratzeko. Arratsaldean, Donostiako Olatu Talkaren programazioaren barruan, 18:00etan hasita, Finney bera eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko beste bost lagun Geo-Talks ekitaldiaren baitan geologia, ekologia eta prehistoriari buruz sei bakarrizketa labur eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan jarriko den karpa berezi batean. Guztia musika, bertsoa eta arteaz osaturiko antzerki batean txertatuta.