Euskaltegien matrikulazio kanpaina abian da, 'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean

- IREKIA

Actualizado: lunes, 9 septiembre 2019 12:15

Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako diru laguntzetara bideratutako aurrekontua %37 igo du aurten

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu dute astelehen honetan, Donostian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru izan den ekitaldi batean. 2019-2020 ikasturterako kanpaina 'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean egingo da, eta irailaren 27ra arte luzatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dauden 103 euskaltegietara milaka herritar erakartzeko asmoz.

Aurreko urteetako matrikulazio datuak berritzen badira, 35.000 ikasle inguruk ekingo diote euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari. Gainera, ikasturte honetaninoiz baino diru laguntza gehiago izango dituzte ikasleek: Jaurlaritzak ikasleentzako diru laguntzetara bideratutako aurrekontua %37 igo du aurten (iaz %44 igo zen). Helburua da erakunde guztien diru laguntzak baliatuz 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte.

Zupiriarekin batera, Donostiako Urrats euskaltegian egin den aurkezpen ekitaldian izan dira Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendaria, bai eta aldundietako, Donostiako Udaleko, Eudel, UEMA eta euskaltegien munduko ordezkariak eta ikasleak ere. Nabarmendu dutenez, euskarari atea irekiz, herritarrek aukera berriak aurkituko dituzte: "Lagun berriak, bizipen eta emozio berriak, kultur adierazpen berriak, aukera profesional berriak...".

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du euskara ikastea dela herritar moduan "ahalduntzeko" beste modu bat. Bere hitzetan, "'Euskararekin gehiago ahalko duzu' da aurtengo leloa, uste dugulako euskaraz hitz egiteko gai izatea herritar bezala ahalduntzeko beste modu bat dela. Eta hori euskara ikasteko bidea egin dutenek nabarmentzen dute".

"Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat, musika gehiago, literatura gehiago, kultura gehiago, lagun berriak edota aukera profesional berriak agertzen dira. Euskara ikasteko urratsa ematea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da", gaineratu du.

Era berean, euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren ahalegina eskertu du Zupiriak: "1986tik 470.000 herritarrek eman dute izena EAEko euskaltegiren batean. Haien ezaugarriak, euskarekiko harremana, motibazioak eta esperientziak oso ezberdinak izan dira, baina guzti guztiei eskertu behar diegu egindako ahalegina. Euskara ikasiz beste hainbat herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egin dute eta gure gizartearen elkarbizitza sendotzen lagundu dute".

ERRAZTASUNAK

Matrikulazio kanpainaren aurkezpenean azpimarratu dutenez, EAEko euskaltegien sarea osatzen duten 103 euskaltegiek erraztasun guztiak eskainiko dizkiete ikasleei euskara ikasteko bidea ahalik eta erosoen egin dezaten. Hartara, euskaltegiek gero eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza epearen bateragarritasunari dagokienez.

Horrez gain, erraztasun ekonomikoak "inoiz baino nabarmenagoak dira". Horrela, azken urteotako bideari jarraituz, Jaurlaritzak ikasleentzako diru laguntzetara bideratutako aurrekontua %37 igo du aurten (2.475.000 euro bideratuko ditu diru laguntzetara), datorren ikasturterako doakotasuna lortzeko bidean.

Halaber, Jaurlaritzak %2,2 areagotu du EAEko euskaltegien sareko zentroentzako diru laguntzak (HABEk kudeatzen duen euskaltegien sarean EAEko 103 euskaltegiak daude). Guztira, 32.910.000 euro bideratuko ditu HABEk euskaltegiak laguntzera (20.760.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.150.000 euro udal euskaltegientzat), iaz baino 707.500 euro gehiago.

IKASLEAK

Iragan 2018-2019 ikasturtean, 35.524 ikaslek eman zuten izena EAEko euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 856 gehiagok (%2,4 gehiago). Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen %66,6 emakumezkoak ziren, eta %33,34 gizonezkoak. Ikasleen batez besteko adina 38,61 urte izan zen.

Ikasleen %80k euskaltegi pribatuetan eman zuen izena, eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen erditik gorak B2 (%25,67ak maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (%27,99k maila hori gainditzeko erronkari ekin zion) mailetan eman zuen izena.

"Kasuistika oso zabala bada ere, ikasleen ezaugarriak aldatzen ari dira. Gizartea euskaldundu den heinean, ikasleen maila altuagoa da eta askok euskara badakite, baina maila hobetu nahi izaten dute", azaldu dute.