Euskaltel Donostiako 59. Zinemaldiko Gazteriaren Sariaren babeslea izango da

Actualizado: jueves, 15 septiembre 2011 18:10

DONOSTIA, 15 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bosgarren urtez jarraian, Euskaltel Donostiako Zinemaldiaren Gazteriaren Saria babestuko du, eta gainera, ekitaldi ofizialei azpitituluak jarriko die, telekomunikazioen operadoreak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Zinemaldiaren 59. edizioan, epaimahaiak ematen duen sarietako bat (Gazteriaren Saria) babestuko du konpainiak. Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako 17 eta 21 urte arteko 350 bat gaztek osatzen dute epaimahai hori. Sail Ofizialean lehiatzen diren lehen eta bigarren lanen artetik hautatuko du epaimahaiak sariduna, bai eta Zabaltegi Zuzendari Berriak saileko filmetatik eta Horizontes Latinos saileko lehen eta bigarren lanen artetik ere.

Boluntarioak dira Gazteriaren Sariko epaimahaiko kideak, eta egunean bina boto ematen dituzte, Euskaltelen autobusean. Boto elektronikoa emateko prestatuta dago autobusa, elkarrekin konektatutako ordenagailuz hornitua. Horien bidez ematen dute epaimahaiko kideek pelikulen puntuazioa (1etik 10era). Epaimahaiko gazteek antolatzen dute, bestalde, Gazteriaren Euskaltel Saria emateko saioa ere, Palmares Ofizialaren barruan, Kursaalen egingo den Gazteriaren Klausura Ekitaldian.

Horrez gain, beste alor batean ere laguntzen dio Euskaltelek 59. Zinemaldiari: Espainiako Azpititulatze eta Audiodeskribapen Zentroarekin (CESyA) elkarlanean aritzen da, minusbaliotasun sentsorialen bat dutenek ere eskura izan ditzaten ikus-entzunezko baliabideak. Zinemaldiko ekitaldi guztiak azpititulatu egingo dira, bai ekitaldien lekuan bai telebistaz emateko, gorrek ere jaso dezaten haietan esaten dena.

Halaber, aurten are handiagoa da Euskaltelen partaidetza, "Mugaritz B.S.O." ere babesten baitu. Donostiako Zinemaldiak gastronomiari eta zinemari eskaintzen dien Culinary Zinema atalaren lehen saioa estreinatuko du dokumental horrek.

Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Felipe Ugarte musikariak bultzatu dute "Mugaritz B.S.O." proiektua. Sorkuntza gastronomikoa erakustea, ideiak garatzea eta sorkuntza musikalaren alorrera eramatea da dokumentalaren ideia nagusia. Gastronomiaren eta musikaren koloreak, plastikotasuna eta ehundurak ederki asko aprobetxatzen ditu "Mugaritz B.S.O." dokumentalak.