'Euskaraldia: Gehiago' saioa estreinatuko dute astelehenean ETB1en eta eitb.eus-en

Antton Telleria eta Edurne Azkarate.
EITB
Publicado: jueves, 5 noviembre 2020 16:36

BILBO, 5 Nov. (EUROPA PRESS) -

'Euskaraldia: Gehiago' izenburuko saio berria estreinatuko dute datorren astelehenean, azaroaren 9an, ETB1 telebista katean eta eitb.eus webgunean, 22:30ean. Euskaraldia oinarri hartuta programa berezia izango da, eta Edurne Azkaratek eta Antton Telleriak aurkeztuko dute.

Guztira lau atal izango ditu, eta azaroko astelehenetan emitituko dira: 9an, 16an, 23an eta 30ean. Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4a arte izango da; beraz, bi saio Euskaraldia hasi aurretik emitituko dira, eta beste bi Euskaraldia martxan dela, EiTBk jakinarazi duenez.

Orokorrean Euskaraldiaren inguruko gaiak izango dira hizpide, eta programak bi ardatz nagusi izango ditu. Batetik, euskararen inguruko testigantzak emango dituzten pertsonak elkarrizketatuko dituzte: euskara ikasi duten etorkinak, ikasten ari direnak, bertakoak izanda euskaraz inoiz hitz egin ez eta ikasten hasi direnak edota euskararen inguruan istorio hunkigarriak dituztenak.

Bestetik, aurtengo Euskaraldiko nobedadeak izango diren ariguneei helduko diete, eta euskaraz zerbitzua eman eta bertan euskaraz hitz egiteko bermea eskainiko duten enpresa, denda eta hainbat elkarteetara hurbilduko dira.

Hau guztia erakusteko, Edurne Azkarate eta Antton Telleria arituko dira gidari lanetan. Azkarate Euskal Herri osotik ibiliko da euskararen inguruko testigantza harrigarri eta hunkigarrienak ezagutzen; Telleria, aldiz, ariguneak sortu dituzten denda eta elkarteekin arituko da, arrandegi, harategi, gimnasio edota arropa dendetako langileekin, besteak beste. Horrez gain, arigune bakoitzean lantzen edota aipatzen diren hitzen hiztegia ere osatuko du; esaterako, arrandegi batean, arrain mota ezberdinen eta lanerako behar dituzten tresnen hiztegiak landuko ditu.