Euskaraldia gizartean "normalizatu eta finkatu" dela diote antolatzaileek

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren balantzea egin dute.
EUSKARALDIA
Actualizado: viernes, 2 diciembre 2022 12:27

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Euskaraldiaren hirugarren edizioa bukatzen den egunean bildu dira ekimenaren koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak ariketaren inguruko balorazioa egiteko, eta, besteak beste, adierazi dute Euskaraldia gizartean "normalizatu eta finkatu" egin dela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu dute koordinazio mahaiaren balorazioa Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian.

Gogorarazi dutenez, 2018ko lehen ediziotik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18an hasi eta ostiral honetan bukatuko den hirugarren aldiak ere hori izan du helburu nagusia: lehen hitza euskaraz egitea, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea, elkarrizketa elebidunak praktikatzea eta euskara erabiltzeko gune babestuak sortzea dira partaideei Euskaraldiak proposatzen dizkien ariketak.

Bada, bukatzear den Euskaraldiaren hirugarren edizioan, ariketa gizartean "normalizatu eta finkatu" egin dela uste dute ekimenaren antolatzaileek. "Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktiketan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu", adierazi dute.

Horrela, herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari direla esan dute. Gainera, parte hartzea ere "egonkortze bidean" dagoela ikusi dute hirugarren edizioan, eta zenbatespenen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopurua izan da aurten.

Zehazki, 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. "Oso datu ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko, eta hori itzela da", nabarmendu dute.

Halaber, adierazi dutenez, ariketan parte hartu eta txapa jantzi dutenez haratago ere izaten du eragina ariketak. Izan ere, txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakite zer den Euskaraldia, eta gehienek "gogo onez" hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura. "Gizartean ezaguna da ariketa, esan bezala eta, azpimarratu dugun modura, egonkortzean lagundu du horrek", esan dute.

ARIGUNEAK

Bestalde, entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere "geroz eta hobeto" ulertzen dela uste dute antolatzaileek, eta ariketak bilakaera "oso positiboa" izan duela azken edizioan. Horrela, guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez zen eremuetara iritsi da aurten.

"Egia da, baita ere, aurreko edizioan baino egoera hobean egin dela ariketa. Aurreko edizioan abiatu genuen entitateekin lana, berria eta berritzailea zen proposamena, eta aurtengo edizioa baldintza egokitan eta ezagutza maila handiagorekin egin ahal izan da ariketa", azaldu dute.

Gainera, entitateetako zuzendaritzek ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egiten duten kasuetan, "aldaketa esanguratsuak emateko urratsak" ematen hasten direla ikusi dute. Aitortu dute esparru sozio-funtzionalean "lan handia" dagoela egiteko, baina nabarmendu urratsak eman dituzten entitateek erakusten dutela erabakimena dagoenean erabileran aurrerapausoak eman daitezkeela eta bide erakusle direla gainontzekoentzako.

Halaber, herrietan eta hainbat entitatetan osatu diren Euskaraldia batzordeek egin duten "lan eskerga" azpimarratu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek. Milaka lagun aritu dira herriz herri eta entitatez entitate Euskaraldiaren eta ekimenari lotutako ehunka ekimenen antolaketan. "Sare zabal hori gabe ezinezkoa litzateke tamainako ekimena antolatzea", ziurtatu dute.

ERRONKAK

Aurrera begirako erronkei dagokienez, rolak gizarteratzen jarraituko dute, "epe luzeko lana" izango baita. Horrela, antolatzaileen iritziz, rolen eta berauen portaeren legitimazioan "urrats sendoak" eman dira azken lau urteetan.

"Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan", azaldu dute.

Halaber, txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dute, ariketarako beharrezkoa baita. Aitortu dute aurten "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dela kalean, eta, beraz, aztertuko dute zein aldaketa egin behar den gehiago ikus daitezen.

Gainera, Euskaraldia ariketa praktikoa dela gogoratzen jarraituko dute. Izan ere, nabarmendu dutenez, "hiztunon portaeretan eyta praktiketan eta entitateen neurrietan eragiten jarraitu behar dugu, Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo ere".

Gogorarazi dute Euskaraldia bi urtean behin egiten den ariketa dela, baina "behar beharrezkoa" dela "euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egotea". "Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da", adierazi dute.

Bukatzeko, koordinazio mahaiko ordezkariek agerraldian azpimarratu nahi izan dute Euskaraldiaren ekarpen garrantzitsuetako bat dela erakunde eta gizarte eragileen arteko gobernantza eredua, eta horrek gizarteko eremu ezberdinetan eragiteko ematen duen aukera nabarmendu dute.