Euskararen adierazkortasunaz gogoeta egingo dute Jakin jardunaldian, ekainaren 18an eta 19an, Usurbilen

Ezkerretik eskuinera: Haritz Azurmendi, Aitor Bengoetxea eta Agurtzane Solaberrieta
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 27 mayo 2026 12:59

DONOSTIA 27 (EUROPA PRESS)

Euskararen adierazkortasunaz gogoeta egiteko gunea izango da XII. Jakin Jardunaldia, ekainaren 18an eta 19an, Usurbilen (Gipuzkoa) - , Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak antolatuta. 'Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak' izenburupean, adierazkortasuna lantzeko irizpideez, egungo baliabide edo egiturez eta aurre egin beharreko gabeziez jardungo dute, besteak beste.

Jakin Jardunaldia UEUren udako ikastaroetako bat da, eta ekainaren 16ra arte izango da izena emateko aukera, UEUren webgunean, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak eta Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kideak asteazken honetan egindako aurekzpenean iragarri dutenez.

Aitor Bengoetxeak gogorarazi du duela lau urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren harira, UEUk erabaki zuela Udako Ikastaroak gogoetarako gune bihurtzea, eta horregatik antolatzen dituztela hainbat erakunderekin batera.

Horrela, nabarmendu duenez, UEUren Udako Ikastaroak "partekatzeko gune" dira, UEUk "izaera herritarra" daukalako, "eta parte hartzea sustatzen saiatuko gara". Hala, elkarlana ezinbestekoa da UEUrentzat, eta horren adibide da Jakin Jardunaldia ere, Bengoetxearen arabera. "Euskarak batzen gaitu hemen gauden erakundeak, eta euskararen adierazkortasuna izango dugu aztergai aurten: ziur emankorra izango dela", ziurtatu du.

Bestalde, Agurtzane Solaberrieta pozik azaldu da, Jakin jardunaldiaren bidez Usurbil "ezagutzaren, jakin-minaren eta kulturaren topaleku izango delako, beste behin ere". "Gisa honetako topaketak behar-beharrezkoak ditugu elkarrekin pentsatzen jartzen gaituztelako: herrigintzarako eta herri eraikuntzarako ezinbestekoa da", gaineratu du.

Halaber, aurtengo gaiaren garrantzia nabarmendu du: "Garai likido eta ezegonkor, hegemonia erauntsi eta diglosia egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gutako bakoitzaren esanindarra handitzea, hizkera aberastea, hori ahoratzea, zabaltzea eta ondorengoei ematea; bestela, hiztun berriek ere laster ikusiko dute ez garela indartsu, eta nekez aseko ditu hizkera motel samar batek".

GALDERA ETA KEZKA SOZIALAK

Haritz Azurmendik azaldu duenez, Jakin jardunaldi guztietan bezala, "galdera batzuk eta kezka sozial batzuk" izaten dituzte abiapuntu, eta kasu honetan, "euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea".

Jakinen iritziz, "ezintasunen atzean normalizazio falta eta minorizazio historia daude", eta gaia lantzea proposatu dute "euskara landu daitekeenaren kontzientziatik, dagoeneko lanketa hori egiteko irizpide, tresna, iturri eta esperientzia asko dauden ustetik".

"Badakigu Euskal Herriaren luze zabalean eta kulturaren koadrante guztietan egoerak ez direla berdinak, baina uste dugu ortzi-muga euskaltzalea horixe dela, hizkuntza landu beharra, pertsonalki, eta, batez ere, sozialki", azaldu du.

Bada, lanketa horretan sor daitezkeen irizpide desberdinei eta korapiloei ere helduko diete jardunaldian: "Hizketagai hartuko ditugu, adibidez, nola uztartu hiztun ororen legitimitatea eta eredu adierazkorrak sustatzea; adierazkortasuna lantzeko irizpide desberdinak eta hizkuntza ideologiak; noiz hitz egin minorizazioak eragindako galeraz, eta noiz hizkuntzaren bilakaeraz; nolako baldintzak, baliabideak eta egiturak dauzkagun, eta, batez ere, zeintzuk falta zaizkigun, non behar dugun jauzia esanindarraren auzian".

Contador

Contenido patrocinado