Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak 2015. urteko hitzarmena sinatu dute

Actualizado: viernes, 24 julio 2015 16:45

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2015. urteko betebeharrak jasotzen dituen hitzarmena sinatu berri dute. Aurtengo lankidetzaren zehaztasunak, bakoitzaren egitekoak, argitalpen programa eta diru laguntza zehazten dituen eranskina izenpetu dute Frantxua Maitia EEPko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Horrela, EEPk 140.000 euroko diru laguntza emango dio Euskaltzaindiari.

   Aurtengo berrikuntzen artean, ECO datu basea osatzea, aberastea eta eguneratzea dago. ECO egitasmoaren helburua, euskarazko izen propio edo berezien ahalik eta corpus osoena biltzea da. Hala, EEPren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenean jaso denez, Onomastikaren eremuan egiten diren kontsultei egokitasunez erantzuteko, bai eta arautze lana errazteko ere, euskal onomastika (ponte izenak, deiturak, toponimoak) idatzizko eta ahozko iturrietatik jasoz, Euskaltzaindiak sorturiko Euskal Corpus Onomastikoaren (ECO) datu basea Ipar Euskal Herriko datuez hornituko da.

   Euskaltzaindiaren argitalpenei dagokienez, 2015ean, batetik, Piarres Charrittonen "Clément Mathieu apezpikua" liburuaren prestalana egingo da, eta, bestetik "Euskal Literaturaren Antologia I. Erdi Arotik Errenazimentura" liburua argitaratuko da, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak paratua.

   Antologia honen helburua da, mendeetan zehar, hastapenetatik edo lehenengo lekuko ezagunetatik -Erdi Aroko bukaera aldekoak- gaur arte, euskal literaturaren esparruan eta ibilbide historikoan sortu diren testu onenen aukera zabala biltzea eta eskaintzea. Euskal literaturan sortu denaren erakusleiho panoramikoa, ahalik eta osoena, izan nahi du.

   Talde lanaren bidez, hautaketa antologikoan objektibotasun handia lortu nahi duen lana da. Bestalde, autore eta testu ugari, euskalkien eta genero edo literatur praktiken ikuspegi zabala jasoko ditu. Gainera, testuen zehazte zorrotza eta sarrerak, oin oharrak eta bibliografia bilduko ditu.

BETEBEHARRAK

   Bestalde, 2015. urtean, Euskaltzaindiak aholku emango dio EEPri, toponimoen grafia egokiari buruzko gaietan, eta EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren Proiektu Deialdiko argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egingo du.

   Gainera, euskara teknikari-garatzaileei edota euskarazko toponimia grafian lan egiten duten bestelako agenteei formakuntza ikastaro bat emango die, eta IGNeko toponimoen normalizatze lanaren emaitzak publiko egingo dira, alegia, IGNeko toponimoen arautze lanen berri emango dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak.

   Halaber, IKAS pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena egingo da. Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2015ean araberako prozedura egoki bat jarriko dute abian, IKAS pedagogia zentroarekin elkarlanean.