Iparraldean euskara sustatzeko 1.930.000 euro erabiliko dituzte Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Arrabit eta Zupiria akordioa sinatzen, Soulé eta Dobaran ondoan dituztela
IREKIA
Actualizado: miércoles, 25 abril 2018 12:59

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak euskara elkarlanean sustatzeko bi erakundeen konpromisoa berretsi dute asteazken honetan, Baionan izandako ekitaldi batean. Horrela, besteak beste, Iparraldean euskara sustatzeko aurten 1.930.000 euro inbertitzea adostu dute, iazko kopuru bera.

Zupiriarekin eta Arrabitekin batera, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Bernadette Soulé Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren helburu nagusietako bat "euskararen lurraldeen arteko harremana sendotzea" dela esan du Zupiriak, "harremanak sendotuz, informazioa trukatuz, errekurtsoak bateratuz eta proiektuak partekatuz eraginkorragoak izango baikara euskararen sustapenean".

Norabide horretan, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak akordio bat sinatu zutela 2017ko uztailaren 3an, Iruñean, hizkuntza politika gaietan hiru instituzioen arteko elkarlanean sakontzeko. "Horrek gaur sinatu dugun eranskinean eragiten du, eta baliagarria izaten ari da beste zenbait ekimen bultzatzeko. Elkarrekiko errespetutik, beti egongo gara prest euskara sustatzeko bidean beste lurraldeekin lan egiteko", adierazi du.

Bestalde, Arrabitek ere akordioaren garrantzia nabarmendu du. "Iparraldearentzat, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika mailan daukan jakitatea eta esperientzia funtsezkoak dira hemengo hizkuntza politikako arlo batzuk garatzen laguntzeko. Eta elkarlan espiritu horretan dugu mugaz gaindiko lankidetza haratago eraman, gure indarrak batuz, Eusko Jaurlaritza, Nafarroko Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean lankidetza marko berri bat adostuz iaz, Iruñean sinatutako hitzarmenaren bitartez formalizatu zena", azaldu du.

Horrela, bi erakundeek 2017-2022 aldirako daukaten hitzarmen markoaren baitan, 2018rako lankidetzaren lan ildoak zehaztu dituzte asteazken honetan. Hain zuzen, lankidetzarako lau arlo zedarritu dituzte: hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definizioa eta antolaketa gauzatzea; Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatzea; bi erakundeen zerbitzuen artean informazioa trukatzea; VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin eta hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzetan argitaratzea.

Sinatutako akordioak lotura zuzena dauka iaz Baionan sinaturiko 2017-2022 aldirako hitzarmen markoarekin. Lankidetza marko horren arabera, bi erakundeek euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten. Era berean, bi alderdiek zehaztu zuten hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta elkarren arteko ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertu zuten.

Hitzarmen markoak elkarlanerako lau arlo zehaztu zituen: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta, azkenik, euskararen aldeko jarrera. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat definitzen badu ere, lankidetza urtero zehaztu behar da eranskin baten bidez, eta hori izan da asteazken honetan sinatu dutena.

LAU LAN ILDO

Horrela, 2018an garatuko diren lan ildo nagusiak ere lau izango dira. Alde batetik, hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definizioa eta antolaketa gauzatuko da. 2010ean C1 mailako EGA agiriarekin egin zen gisan, 2018an Euskararen Erakunde Publikoko zerbitzuek Eusko Jaurlaritzako zerbitzuekin lankidetzan ariko dira B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko.

Halaber, Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatuko da. 2018rako partaideek adostu dute elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapena elkarrekin jarraitzea, eta proiektuaren garapenarekin sistemaren eta adierazle egokitzapen lanetan aritzea, lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz. Bestalde, Euskararen Adierazle Sistemaren webgunea elikatzeko lanek ere jarraituko dute.

Hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatuko da. Hain zuzen, besteak beste, itzulpenen kudeaketarako tresnak partekatuko dira, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordean Iparraldeko adituak integratuko dira eta Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak Euskaltermen sartuko dira. Horrez gain, HABE Liburutegiak Euskararen Erakunde Publikoan diharduten teknikarien dokumentu hornitzaile izaten jarraituko du, eta espezializazio eremuetako hainbat dokumentu eta datu eskuragai jarriko dira.

Urte honetarako zehaztu den azken lan ildoia izango da VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egitea eta hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzetan argitaratzea.

DIRU EKARPENA

Beste alde batetik, Zupiriak eta Arrabitek sinatu duten eranskinean, Ipar Euskal Herriko euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru ekarpena zehaztu da. Iaz bezala, 1.930.000 euro izango dira horretarako: Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro.

Lankidetzarako aurrekontua bi multzotan banatuko da. Alde batetik, hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Multzo honetan sar daitezkeen eragile pribatuek beren urteko jarduerari loturiko diru laguntza bat jasoko dute, hitzarmen baten bitartez. Bigarrenik, 380.000 euro jarriko dira diru laguntzen deialdi baten bitartez eragile pribatuen euskarari loturiko proiektuak laguntzeko.

Diru laguntzen banaketaren inguruko xehetasun guztiak uztailean emango dira aditzera. Iaz, hitzarmen baten bermea duten bederatzi eragile pribaturen lana diruz lagundu zen eta, horrekin batera, 59 proiektu diruz lagundu ziren diru laguntza deialdiaren bidez. 2016rekin alderatuta, 200.000 euro gehiago banatu ziren iaz. "Gaur sinatu dugun eranskin horri esker diruz lagunduko da euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana, helduen euskalduntzean ari direnena, aisialdia euskaraz sustatzen duten eragileena edota euskarazko hedabideena", adierazi du Zupiriak.