Eusko Jaurlaritzak 30.000 euro jarriko ditu "Kartulario Galikanoa"-ren edizio kritiko eta digitala egiteko

Actualizado: lunes, 21 febrero 2011 17:05

BILBO, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 30.000 euro jarriko ditu hiru urtetan "Kartulario Galikanoa" dokumentuaren edizio kritiko eta digitala egiteko. Donemiliaga Kukullako kartulario honek euskararen eta gaztelaniaren antzinako faseetako funtsezko lekukotasunak ditu.

Pedro Sanz Errioxako San Millan de la Cogolla Fundazioko presidenteak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Gidor Bilbao Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordeak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak aurkeztu dute gaur Logroñon EHUren eta San Millan de la Cogolla Fundazioko Gaztelaniaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren (Cilengua) arteko lankidetza hitzarmena.

Hitzarmenaren xedea Donemiliaga Kukullako ondarea ikertzea eta hedatzea da, bereziki Euskal Herriaren eta Errioxaren lurralde historikoen iragan komunari dagokionez eta euskararen eta gaztelaniaren historiari dagokionez.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak nabarmendu duenez, "gaur plazaratzen dugun Euskal Herriko Unibertsitatearen eta San Millan de la Cogolla Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenak horixe baino ez du erakusten, ondare historiko eta linguistiko aberats bat partekatzen duten auzoen arteko harreman normalaren froga bat".

Hitzarmenaren ondorioz, "Kartulario Galikanoa" izeneko dokumentuaren edizio kritiko eta digitala plazaratzeko proiektua sortu da. Eusko Jaurlaritzak, egitasmoa aurrera eramateko, urteko 10.000 euro jarriko ditu hiru urtetan. "Era horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bat egiten du Donemilliaga Kukullako ondarea ikertu eta hedatu nahi duen hitzarmenarekin, bereziki gure iragan komunarekin eta gaztelaniaren eta euskararen historiarekin loturiko guztiari dagokionez", adierazi du Urgellek.

XII. MENDEKOA

Donemiliaga Kukullako "Kartulario Galikanoa", XII. mendekoa, Espainia kristauaren kartulario handietako bat da. Barruan duen dokumentazioa, gehiena beste inon aurkitu ezin daitekeena, Bizkai, Araba, Errioxa eta Gaztelaren hasierako historiaz dagoen jakintzaren funtsezko oinarria da, alegia, gertakari eta gizartearen paisaiaz harago, baita kulturaren bizipena eta hizkuntzen bilakaera ere.

Izan ere, kartularioak lekukotasun garrantzitsuak ditu euskararen eta gaztelaniaren antzinako garaiei begira eta, bistan da, eskualde honetako 'scriptorium'-etan erabiltzen zen latinari dagokionez.

Proposatzen den edizio digitala sarean irekita egongo da, eta aldi berean eskainiko ditu kartularioaren transkripzioa eta jatorrizkoaren irudi digitalizatua, bereizmen handiarekin. Gainera, aukera emango du kartularioa ikusteko bai hura ondu zen hurrenkerari jarraituta, bai dokumentuen kronologiari jarraituta.

Horrez gain, bilaketa-motor bat dauka, kontsulta errazak egiteko (bilaketa kronologikoak, resgesten edukien araberakoak), hitzen, lemen eta lema-kateen edo hitz-kateen araberako kontsultak egiteko, eta aukera emango du toponimoak eta antroponimoak bilatzeko eta haien kokapen kartografikoa jakiteko.

Lehenengo bertsioa 2012. urteko lehen erdian egongo da erabilgarri, eta kartografia eta onomastikari buruzko baliabideak 2013an egongo dira prest. Beraz, edizio honetara historialariek, filologoek eta euskal ondare aberatsa ezagutzeko interesa duen edonork jo dezake bere ordenagailutik bertatik.