Jaurlaritzak 350.000 euro onartu ditu kultur jaialdien programazioa diruz laguntzeko

- LAST LAP
Actualizado: martes, 16 julio 2019 13:42

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 350.000 euroko aurrekontu sail bat onartu du astearte honetako bileran, kultur arlo ezberdinetako jaialdien programazioa diruz laguntzeko. Deialdi honi esker, musikaren, literaturaren, antzerkiaren, dantzaren, ikus arteen eta ikus-entzunezkoen arloetan antolatzen diren jaialdiek Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babes ekonomikoa izango dute. Iazko deialdiaren bitartez 30 jaialdiren jarduera lagundu zen.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2016. urtean zehar deialdia berregituratu eta eraberritu ostean, diru laguntza lerro hau 2017an jarri zen abian ostera ere. Formatu berrian deialdia jaialdi pribatuetara mugatzen da, eta erakunde publikoek antolatutakoak ezin izango dira aurkeztu, nahiz eta jaialdi publiko askok Jaurlaritzak bultzatutako deialdi izendunak jasotzen dituzten.

Deialdiak bi multzotan banatzen ditu jaialdiak: alde batetik, jaialdi handiak daude, 100.000 euro baino gehiagoko aurrekontua dutenak; bestetik, jaialdi txikiak daude, 100.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak. Banaketa berriaren helburua da jaialdi nagusien eta txikien arteko lehia desorekaturik ez sortzea.

Gutxieneko aurrekontua eskatuko zaie jaialdiei diru laguntza jaso ahal izateko, bideragarritasuna bermatze aldera. Deialdiaren azken edizioan 30 jaialdik jaso zuten diru laguntzaren bat, besteak beste, Loraldia Jaialdia, Gasteiz Calling, Zinegoak Jaialdia, Zinemakumeak Gara edota Azken Mugak. Deialdi honetaz gain, Eusko Jaurlaritzak zenbait jaialdi laguntzen ditu diru laguntza izendunen bidez.