Jaurlaritzak, 774.000 euro Justiziako langileen hizkuntza normalizaziorako

Bilboko Justizia jauregia
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 9 abril 2015 12:43

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu 2015. urtean Justizia Administrazioko langileen hizkuntza normalizaziora, herritarrek euskaraz egiteko eskubidea berma dadin, Herri Administrazio eta Justizia Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   "Lehentasunezko" helburu horretarako, Herri Administrazio eta Justizia Sailak "ezinbesteko" ikusten du Justizia Organoen Itzulpengintza eta Interpretazio Zerbitzua. Bi jarduera betetzen ditu nagusiki zerbitzuak: batetik, organo judizialetatik eta prozedura judizialean parte hartzen duten aldeetatik datozen dokumentuak itzultzea, eta, bestetik, adierazpen, epaiketa, zinpeko epaimahaietako aurkezpen, adingabeen miatze eta abarretan interpretazio lanak egitea.

   Horrela, Eusko Jaurlaritzak Justizia organoen eskura jartzen duen Itzulpengintza Zerbitzuak 1.012 aldiz jardun zuen 2014. urtean. Zerbitzuak egindako lan gehienak idatzizko dokumentuen itzulpenak izan ziren (%77,4), eta gainerakoak (%22,6), ahozko prozeduretako lanak. Itzulitako 783 dokumentuetako gehienak instrukziozko epaitegietatik heldu ziren, eta ondoren, administrazioarekiko auzien epaitegitik eta lan arloko epaitegitik.

   Lurraldeei dagokienez, Gipuzkoak bidali zituen itzultzeko idatzizko dokumentu gehien, eta itzulpen motari erreparatuta, hau da, gaztelaniara edo euskarara itzultzen den, dokumentu gehienak euskaratik gaztelaniara itzuli ziren.

   Bestalde, 2014an erregistratutako 229 interpretazioetatik, gehienak justizia organoen aurrean egindako deklarazioak edo ahozko auzietako agertzeak izan ziren, eta interpretazio gehienak Gipuzkoan egin ziren.