Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro bideratuko ditu milioi erdi adinekoren bizi-kalitatea hobetzeko I+G sustatzera

gemma zabaleta
IREKIA
Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 14:34

DONOSTIA, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Donostian Matia Fundazioarekin, zahartze demografikoari buruzko I+G azterlanak eta proiektuak egiteko. Lanek hiru milioi euroko aurrekontua dute, eta haien emaitzak baliagarriak izango dira adinekoei laguntzeko etorkizuneko ereduaren oinarriak jartzeko.

65 urtetik gorako biztanleria bikoiztu egin da azken 30 urteotan. Azken udal erroldaren arabera, 2009. urtean, 65 urteko edo gehiagoko 410.000 pertsona zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), hau da, erkidegoko bost biztanletatik bat. Adituek aurreikusten dutenez, egungo bizi-estandarrek horrela jarraitzen badute, oso litekeena da orain 40 eta 50 urte bitarte dituzten EAEko herritarren %75 bizirik irautea 90 urte bete arte.

"Berebiziko garrantzia dauka EAEko herritarren zahartze prozesuak ezagutu eta aztertzeak; izan ere, horren emaitzek sinesgarritasun zientifikoa emango baitiete adinekoen, mendetasun egoeran daudenen eta desgaitasuna dutenen aldeko laguntza-ereduari buruz gauzatu behar diren politikei", adierazi du sailburuak.

Besteak beste, Suediak, Frantziak, Alemaniak, Danimarkak eta Holandak urteak daramatzate mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko eredu bat jorratzen, ondokoetan oinarrituta: gizarte- eta osasun-zerbitzuen hornikuntza bateratua, pertsonak ohiko ingurunean jarraitzea, eta mendekoen autonomia sustatzea, aukeratzeko gaitasuna indartuz. Ildo horretatik, inkesten emaitzak argiak dira: adinekoek nahiago dute etxean zahartu. Egitate horri "hausing" izena eman diote adituek. "Eta ezin bada etxean bizi, etxean bezala bizi nahi dute behintzat", azpimarratu du Gemma Zabaletak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak EAEko adinekoekin bizi-baldintzei buruz 2010. urtean aurkeztutako azterlanak agerian utzi zuenez, inkestatutako hamarretik bederatzi beren etxebizitzaren jabe ziren, nahiz eta horien %35,6k (130.000 pertsona) igogailurik ez zuen. Horrez gain, %21,4k ez du berogailu-sistemarik. Bi egoerek nabarmen mugatzen dituzte pertsona horien mugikortasuna eta harremanak. Zabaletaren iritziz, haien bizi-baldintzak hobetzea "arlo horretan lan egiten dugun eragile guztiek -publikoek eta pribatuek- modu partekatu eta adostuan geure gain hartu behar dugun erronka bihurtu da".

PROIEKTUAK

Matia Fundazioarekin sinatutako hitzarmenak, besteak beste, Gipuzkoako bost udalerritan etxeko ikerketa-ekintzako hainbat proiektu garatzea aurreikusten du. Proiektu horietan adinekoei eta desgaitasuna duten pertsonei beren ingurunean jarraitzea bermatuko dieten arreta-ereduekin esperimentatuko da, ahalik eta autonomia- eta independentzia-gradu handiena sustatuz, beren etxeetan bizi eta komunitatean partaidetza osoa eduki ahal izan dezaten.

Horrela, ahultasun, desgaitasun edo mendetasun egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da, eta ahaide eta zaintza-langileei prestakuntza eman, tratu txarrak prebenitzeaz gainera.

Hitzarmenean hainbat proiektu gauzatzea ere aurreikusten da, egungo sorospen-jarduera eraldatu eta pertsona jomugan jartzen duen arreta-eredu bihurtu dadin. Aldi berean, txosten espezializatuak egingo dira eredu-aldaketaren ondorioak ezagutzeko, bai maila ekonomikoan bai juridikoan, eta profil profesionalen eta prestakuntza-beharrizanen berri izateko.

"Analisi horren emaitzak aukera emango digu Alzheimerra dutenen etxeetan ebaluazioa egiteko, arlo horretan laguntzeko eta esku-hartzeko plana egiteko, baita beren etxeetan bizi diren mendekoen zaintzan parte hartzen duten profesionalek eta senitartekoek nozitzen duten zama ezagutzeko", esan du Zabaletak.

Ondorio gisa, Euskadiko adinekoentzako Ekintza Plana (2011-2015) diseinatzea aurreikusten da, EAEn bizi diren adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko hainbat neurriz osatuta. "Gure asmoa da Plana, Jaurlaritzarena ez ezik, Euskadiko Adinekoen Kontseiluarena ere izatea. Kontseilu horretan daude Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Euskadiko udalak (Eudelen bitartez), gizarte-eragileak, adinekoen eta zaintzaileen elkarteak, zerbitzuen hornitzaileak, eta akademiko eta ikertzaile adituak", nabarmendu du sailburuak.

Aurreikusitakoaren arabera, zahartzen direnean eta laguntza behar dutenean pertsonek bizi duten egoera aztertuko du, eta, besteak beste, ondoko gaiak jasoko ditu: osasunez zahartzea, eskubideak, tratu ona, segurtasuna (ikuspegi guztietatik), eta zahartzeko modua (elkarrekin, komunitatean edo beste belaunaldi batzuekin).