Eusko Jaurlaritzak turismoari buruzko webgunea berritu du turisten premia berrietara egokitzeko

Actualizado: martes, 31 mayo 2011 13:15

BILBO, 31 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak www.turismoeuskadi.net web-orria berritu du Euskadi bisitatzen duten turisten premia berrietara egokitzeko, zortzi hilabeteko lanaren ondoren.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak azken nobedadeak aurkeztu ditu bere webtv kanalean (www.tveuskadi.net), besteak beste, frantsesezko bertsioa, 100 webcam baino gehiago erabilgarri edo aplikazio berri bat iphone-rako.

Gaur aurkeztu da Euskadiko Turismoko atari berritua, lantalde batek zortzi hilabetez aurrera eramandako lan trinkoaren ondoren, bai eta Jaurlaritzak 2010eko abuztuan martxan jarritako Internet bidezko telebistaren azken nobedadeak ere. Aurkezpenean, Merkataritzako eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Turismoko zuzendari Isabel Muelak erreminta berri horien xehetasunak azaldu dituzte.

Turismoko ataria (www.euskaditurismo.net) www.euskadi.net webguneko lekurik bisitatuenetakoa da, bost hizkuntzatan ikus daiteke (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana) eta guztira 520 orri eta 25.705 baliabide biltzen ditu (bizipenak, museoak, hondartzak, udalerriak, hotelak).

Pilar Zorrillak argitu duenez, "biak, ataria eta webtv kanala, anbizio handiko apustu baten barruko erremintak dira, Eusko Jaurlaritzak modu eraginkor eta berritzailean Euskadi proiektatzeko egiten ari den apustuaren barrukoak, egungo turisten eskaerei behar bezala erantzuteko". Biek dute helburutzat "erantzun baliagarri eta argiak" ematea eskari turistikoari, "esperimentatua eta sofistikatua bihurtu den" eskariari.

Guztira 31 lagun ari dira lanean proiektuetan (disenatzaileak, itzultzaileak, informatikoak, eduki-ikuskatzaileak). Turismo Zuzendaritzaren eta Basquetour, EJIE eta EITB erakundeetako lantaldeetako kide dira guztiak, eta egindako ahalegina eskertu die sailburuordeak guztiei ere.

Turismoko atari instituzionalak informazio ugari biltzen zuen orain arte, baina ez zen erakargarria bisualki eta 2010-2013ko Marketin Planaren eskakizunetatik kanpo geratuta zegoen.

Atari berria, ordea, ikusgarria da "bere erakargarritasun bisualari esker, lilura eragin nahi du eta erabiltzailea helmugarekin lotu nahi emozionalki", sailburuordeak adierazi duenez. Gainera, bertan bilduta daude Euskadiko eskaintza turistikoaren oinarri diren produktuak, "Ezagutu Euskadi" hegaltxoaren azpian (ibilbideak, gastronomia eta ardoak, hiri-ihesaldiak eta bilerak). Aukera bakoitzean irudiak eta bideoak ikus daitezke, marka bakoitzarekin loturiko baliabide turistiko guztietara sarbidea eskaintzeaz gain.

Menuaren "Nora joan" aukeran klik egitean, honako hauen marka geografikoak zabaltzen dira: Euskal Kostaldea, Euskadi Berde eta Naturala, Arabako Errioxa, Bilbo, Donostia eta Gasteiz.

ESPERIENTZIAK

Menuaren barruan, aukera bereziki erakargarria hainbat ataletarako sarbidea ematen duen "Zer egin?" aukera da, eta atal horien artean "Bizipen onenak" nabarmentzen da. 2010ean, "Esperientziazko Euskadi" deiturikoa garatu zen hiriburuekin eta eskualdeekin batera. Oraingoz, hiriburu eta eskualde horietatik hamar daude atarian, eta ordenatuta askoz gehiago gehituko dira.

Esperientzia bakoitza honela sailkatu da: alde batetik, bidaiari motaren arabera (bikotekidearekin, lagunekin, haurrekin eta abar) eta beste alde batetik, zerekin dagoen lotuta (kultura, paisaia, jarduera eta abar), eta hori guztia laburpen-fitxa batean ikusten da behar diren xehetasun guztiekin.

"Antolatu zure bidaia" aukeran atal praktikoenak daude bilduta, hala nola "Non lo egin?", "Non jan?", "Nola iritsi eta mugitu", "Mapa" eta deskargak. Web-orriaren barruan bilatzaile zehatz bat dago, ostatu irisgarrien bilaketa eta ostatu horien ezaugarrien xehetasuna biltzen duena, bai eta Google Maps-eko atalerako sarbidea ere, ostatu guztiak geoerreferentziatuak daudela.

TVEUSKADI

Atari berri horretaz gain, turismoa sustatzeko Eusko Jaurlaritzak dituen beste bi tresna daude eta horiekin harremanetan dago: www.tveuskadi.net webtv kanala eta www.euskadisaboreala.es "Euskadi goza ezazu" webgunearen inguruan bilduta dagoen lagun-komunitate handia. Era berean, erabiltzaileak elkarreraginean jardun dezake Facebook, Twitter eta Youtube gizarte-sareen bitartez.

Milioi bat euro inguruko aurrekontuarekin, sustapena online egiteko bi tresnak garatu dira, eta horiei esker, Euskadi toki berritzaile eta erakargarri gisa azaltzen da. Atari berria definitzerakoan, bilatzaileei dagokienez, optimizazioa oso kontuan izan da, bai eta webgunearen erabilerraztasun-jarraibideekiko errespetua ere.

www.tveuskadi.net web TV kanala sortu zenetik bederatzi hilabete igaro dira, eta sustapen-erreminta handi gisa finkatu da eta eduki, atal, zerbitzu eta hizkuntza berriak gehitu ditu. Gaur hainbat berrikuntza aurkeztu dira, hala nola frantsesezko bertsioa, lehendik zeuden euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioei erantsi zaiena.

Horrez gain, erabilgarri dauden 100 webcam-en atal berria estreinatu da. Aurrerantzean, kamerak egongo dira hondartzetan, portuetan eta mendietan ez ezik hiriburuetan eta errepideetan ere, erabiltzaileek zuzenean egiaztatzeko Euskadiko hainbat tokitako eguraldia eta egoera zein den.

Gizarte-sareetan (Facebook, Twitter, Youtube) sartzeaz gain, datorren astetik aurrera doako aplikazio berria izango da tveuskadi.net webgunera iphone bidez sartzeko.

Iazko abuztutik aurrera, hots, abian jarri zenetik aurrera, kanal horrek 75.000 bisita izan ditu, 56.540 erabiltzaile ditu eta milioi bat orritik gora bisitatu dira.

Edukiei dagokienez, egun dauden edukiez eta hainbat ekitaldiren zuzeneko emanaldiez gain, ETBren "Capital Cultura" sailaren atal bat emango da hilero.