Euskotrenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu asteburuan, Behobia-Donostia lasterketa dela eta

Lasterketaren aurreko edizio bateko irudia.
CANO FOTOSPORTS - Archivo

Actualizado: jueves, 7 noviembre 2019 12:51

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du asteburu honetan, Behobia-Donostia lasterketak eragindako joan-etorrien beharrizanak betetzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Horrela, larunbatean, azaroaren 9an, 10:00etatik 21:00etara, trenak 15 minutuan behin ibiliko dira Hendaia eta Amara artean, Ficoban ospatuko den Lasterketaren Azokara joateko. Euskotreneko makinek joan-etorriko titulu berezia salduko dute azokara joateko, ostiralean eta larunbatean.

Halaber, igandean, azaroaren 10ean, Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du 07:15etik 14:30era, gutxi gorabehera, lasterketa eguneko joan-etorriak errazteko. Zehazki, lasterketa aurretik Irun-Ficobara joateko, ohiko zerbitzua indartuko duten tren gehigarriak eskainiko dira Amaratik, Lasarte/Oriatik eta Zumaiatik; tren horietako batzuk erdizuzenak izango dira. Era berean, lasterketan zehar eta, gutxi gorabehera 14:30era arte, Topoaren zerbitzua indartuko da, jende asko aurreikusten baita.

Igandean lasterketara joateko titulu berezia kirol ekitaldiko antolakuntzak salduko du, aldez aurretik Ficobako Lasterketaren Azokan eta igandean bertan Amaran eta Anoetan jarriko dituen salmenta-postuetan.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek Euskotrenen honako telefono zenbaki honetara dei dezakete: 944 333 333. Horrez gain, interesdunek informazioa jaso dezakete Euskotreneko geltokietan eta geralekuetan, www.euskotren.eus webgunean, @euskotrenEJGV Twitter gunean eta app ofizialean.