Ezkontzak %7,6 gehitu ziren EAEn 2016ko hirugarren hiruhilekoan

Actualizado: lunes, 20 febrero 2017 12:12

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 3.052 ezkontza izan ziren 2016ko uztailean, abuztuan eta irailean, aurreko urteko hiruhileko berean baino %7,6 gehiago. Ezkontza guztien artetik 48 sexu bereko pertsonen artean izan ziren (20 gizonen artean eta 28 emakumeen artean), eta gainontzeko 3.004 ezkontzak sexu ezberdineko ezkontideen artean, Eustaten datuen arabera.

Joan den urteko hirugarren hiruhilekoan izandako ezkontza guztien %74,1 zibilak izan ziren, 2015eko aldi berean baino %5,9 puntu gehiago, baina 2016ko bigarren hiruhilekoaren (%80,8) azpitik. Kontuan izan behar da portzentajea ezkontza heterosexualena dela, eta, ezkontza homosexual guztiak zibilak direnez, %1,6 puntu gehitu beharko litzateke.

Iazko hirugarren hiruhilekoan izandako 3.052 ezkontzetan, bizilekua EAEn duten 2.877 gizon eta 2.876 emakume ezkondu ziren, eta gizonen %5,8 eta emakumeen %7,6 atzerritarrak ziren. 2.573 senarrentzat (%89,4) lehen ezkontza izan zen, eta 12 alargun eta 292 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen: emakume ezkongabeak 2.568 (%89,3), alargunak 12 eta dibortziatuak 296.

Bestalde, senarren arteko %87,2k eta emazteen arteko %75,7k 30 urte edo gehiago zuten, eta aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzioa bi sexuentzat jaitsi da zertxobait (2015ean gizonen %87,9 eta emakumeen %76,3).

Ezkontzarik gehien uztailean izan ziren (1.411), eta ondoren irailean (1.192). Aurrekoetan bezala, ezkontzarik gutxiendun udako hilabetea abuztua izan zen (449), aurreko urteko hil beraren aldean %14,6 gutxiago. Herrialdeka, 470 bikote Araban biziko dira, Gipuzkoan 917 eta Bizkaian 1.477. Azkenik, 188 bikotek bizilekua EAEtik kanpo kokatu zuten.