Fabrikazio gehigarriaren sektoreko enpresa nagusiak izango dira ekainean ADDIT3D azokan, BECen

Fabrikazio gehigarriarei buruzko ADDIT3D azoka, BECen
BEC - Archivo
Actualizado: viernes, 22 febrero 2019 14:00

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Industrian aplikatzen den fabrikazio gehigarriaren nazioarteko enpresa handiak izango dira ADDIT3D azokan, ekainaren 4tik 6ra, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC). Erakusketarien artean enpresa handiak izango dira, esaterako, HP, SLM Solutions, Stratasys, EOS eta TRUMPF, bai eta lehen mailako enpresak ere, adibidez, Dynamical Tools, Addilan, Optimus 3D, Hage eta Sicnova. Sektoreko berritasun interesgarriak ezagutaraziko dituzte, nagusiki sistemak eta makineria, aplikazio industrialak eta materialak kategorietakoak.

BECeko iturriek jakinarazi dutenez, ADDIT3D fabrikazio gehigarriari eta 3D inprimaketari buruzko Estatuko azoka profesional industrial bakarra da, eta bertaratzen direnen profil profesionala askotariko sektoreekin erlazionatuta dago, besteak beste, aeronautika, automobilgintza, tren industria, industria tresneria, makina-erreminta, molde, energia, ontziratze eta enbalaje, eraikuntza eta arlo mediko kirurgikoarekin. Sektore horietako asko dagoeneko teknologia horiek barneratzen ari dira, baita serie fabrikazioan ere, eta aplikazio industrial osoak ari dira lantzen.

Orain arte, bisitari gisa erregistratutako enpresen zerrendan daude CAF, Bombardier, European Holding, Mercedes Benz España, EvoBus, Grupo Gestamp, Grupo ITP, Patentes Talgo, Aernnova, Alestis Aerospace, Grupo Volkswagen-Seat, DanobatGroup, Lab. Dental Lamberti, Creaciones Dentales Van Nood eta Osteophoenix.

Laugarren edizioan, erakusketa eremuaz eta produktua aurkezteko eremuaz gain, ADDIT3D azokak biltzarrak ere izango ditu, eta "informazioa biltzeko, teknologiak eta merkatuak analizatzeko, aukerak aztertzeko eta nazioarteko sustapena bultzatzeko eremu bihurtuko da". "Sektorea bizitzen ari den garapen handiaren isla da azoka; izan ere, aurreikuspenen arabera, sektore horren hazkunde tasa %20,6koa izango da 2022ra arte", gaineratu dute.

ADDITIVE TALKS

Horrela, biltzarren eremuan, Fabrikazio Aditiboko eta 3D Inprimaketako Teknologien Espainiako Elkarteak (ADDIMAT) koordinatuta, Additive Talks izeneko saioak izango dira aurten ere. Haietan, sektorearen erronka handiak, berritasunak eta joerak aztertuko dira, eta produktuen balio katea hobetzeko erantzun eta irtenbide berritzaileak eskainiko. Horretarako, sektoreko puntako enpresetako ordezkariek beren ezagutza partekatuko dute hitzaldietan, bai eta arlo honetan izandako arrakasta kasu praktikoei buruz duten esperientzia ere.

ADDIT3D azoka orotariko enpresei zuzenduta dago, bai teknologia honen hasierako ezarpen fasean dauden enpresei, bai teknologia hau erabiltzen duten baina garapen aurreratuagoen edo aplikazio zehatzen bila dabiltzan enpresei.

Horrela, erakusketaz gain, industriarako fabrikazio prozesuei eta hornigaiei buruzko nazioarteko topaleku handiena bihurtuko da BEC 2019ko ekainean. Aparteko gune horretan, ibilbide interesgarri bat egin ahal izango da aldi berean egingo diren nazioarteko azoketan zehar: Industry Tools by Ferroforma, Industriarako Erreminten eta Horniduren Nazioarteko Azoka; Subcontratacion, Fabrikaziorako Prozesuen eta Ekipamenduen Nazioarteko Azoka; Pumps & Valves, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka; Maintenance, Mantentze Industrialaren Azoka; BeDigital, teknologia digitalak industrian aplikatzeari buruzko ekitaldia; FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka.