Fagor Ederlan-ek eta Lotus Engineering-ek hiriko ibilgailuetarako Range Extender proposamena aurkeztu dute Frankfurten

Actualizado: lunes, 19 septiembre 2011 18:26

BILBO, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Fagor Ederlan eta Lotus Engineering enpresek hiriko ibilgailuetarako Range Extender proposamena aurkeztu berri dute Frankfurteko Automobilaren Aretoan. Bi zilindroko bertsio berria "trinko, arin eta eraginkorragoa" da, ibilgailu txikietarako "ezin hobea".

Mondragon Korporazioko iturriek adierazi dutenez, hiri alemanean aurkezturiko motor berria jada Lotus Evora eta Jaguar Limo Green modeloetako hiru zilindrokoa baino askoz trinko eta arinagoa da -%44 gutxiago okupatzen du eta pisua %16 gutxiago da-.

"Horrenbestez, Fagor Ederlan-ek eta Lotus Engineering-ek oso irtenbide egokia aurkeztu dute hiriko ibilgailuetarako, horietan pisua eta neurria funtsezko ezaugarriak baitira", azpimarratu dute.

Lotus Fagor Ederlan Range Extender bertsio berria ezin hobea da hiriko ibilgailuetarako, desplazamendu gehienak modu elektriko hutsean egiteko aukera ematen baitu. Proposamenean bi zilindroko eta lau denborako errekuntza motor bat eta Fagor Automation kooperatibak garatutako sorgailu eta bihurgailu bat integratzen dira. Horrenbestez, Range Extender modeloak gidaritza elektriko hutsa ahalbidetzen du, ibilgailu elektrikoaren bateriak martxan kargatzen baitira; ondorioz, autonomia ere handitzen da.

Lotus Engineering-eko zuzendaria den Mark James-en hitzetan, proposamenak "harrera bikaina" izan du automobilaren aretoan, eta mundu osoko autogileen interesa eragin du, ibilgailu elektriko hutsak baino soluzio eraginkorra bilatzen ari baitira kostuari dagokionez, zein autonomia handiagoari dagokionez.

Halaber, Miguel A. Mateo Fagor Ederlan-eko proiektu honen zuzendari komertzialak adierazi duenez, aurkeztu den Range Extender modeloa "teknologia eta lehiakortasun handiaren arteko oreka dotorea" da. Bezeroek nabarmendu dute soluzio osatu eta trinkoa dela, gaur egungo ibilgailuen arkitekturetan erraz integratzekoa.

Aurkeztu den bertsioarekin Range Extender motorren gama osatzen da, hiru zilindrotan -50 eta 35kW-eko potentziekin- eta bi zilindrotan -30 eta 20kW- aurkezten baita. Bi motorretan -bi eta hiru zilindro- bertsiorik indartsuena konpresore zentrifugo batez gainelikatzen da. Horrez gain, motorraren arkitektura eta gestio sistema hainbat erregai mota erabiltzeko aukera eskaintzeko diseinatuta daude, petrolioari buruzko mendetasuna murriztuz eta bio-erregaien erabilera ahalbidetuz.

Group Lotus plc-k Norfolk-en du egoitza, Erresuma Batuan, eta hiru dibisio operatibo ditu: Lotus Cars, Lotus Engineering eta Lotus Motorsport. Bestalde, Fagor Ederlan, Mondragon Korporazioan integratua, automozioko talde liderra eta hornitzaile globala da; 16 fabrikazio lantegi dauzka, eta ekoizpenerako aliantzak merkatu nagusien eskualdeetan: Europa Mendebaldea, Europa Ekialdea, Asia eta Nafta.