FANTek 2024an ospatuko den 30. ediziorako filmak aurkezteko epea ireki du

FANT zinemaldiaren iazko edizioko irabazleak.
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 7 diciembre 2023 13:33

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antoltatzen duen FANT Zinemaldi Fantastikoaren 30. edizioa 2024. urteko maiatzaren 3tik 11ra bitarte egingo da, eta parte hartu ahal izateko filmak aurkezteko epea ostegun honetan ireki eta otsailaren 4an itxiko da.

Filmak aurkezteko prozesuari buruzko xehetasun eta oinarri guztiak www.fantbilbao.eus webgunean ikus daitezke. Lanak Movibeta Festival (www.festival.movibeta.com) edo FestHome (www.festhome.com) webguneen bidez aurkeztu beharko dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

2024ko FANTen ondoko sari hauek banatuko dira: Sail Ofizialeko Film Luze Onenaren Epaimahaiaren Saria, Sail Ofizialeko Film Luze Onenaren Publikoaren Saria, Panorama Saileko Film Luze Onenaren Epaimahaiaren Saria, Sail Ofizialeko Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria, Sail Ofizialeko Film Labur Onenari Publikoaren Saria, Euskal Film Labur Onenari Epaimahaiaren Saria eta Panorama Saileko Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria.

Sail Ofizialeko epaimahaiaren eta publikoaren film labur hoberenek 3.000na euroko saria jasoko dute, euskal film labur onenak 2.500 eurokoa eta Panorama Fantastikoa Saileko film labur onenak 1.750 eurokoa.

Halaber, Euskal Gidoilarien Elkarteak eta FAS zineklubak Sail Ofizialeko Film Luzeen Gidoirik Onenaren Saria eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria emango dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, Euskal Aktoreen Batasunak FANT Laburrean Saileko Interpretazio Onenaren Saria emango du.

Azkenik, ohikoa denez, FANT jaialdiak Fantrobia Saria ere emango dio azken urteetan fantasiazko zinema generoaren balio berria irudikatzen duen pertsonari, bai eta Ohorezko FANT eta Fantastikoaren Izarra sariak ere, arlo horretan ibilbide egiaztatua duten pertsonei.