Feminismoak udal politikan duen eraginari buruzko sareko mintegia ostiralean

Mari Luz Esteban
VIRGINIA WOOLF BASQUESKOLA
Actualizado: jueves, 2 julio 2020 16:01

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustaturiko Virginia Wolf Basqueskola sareak 'Feminismoa eta eraldaketa politikoak' izeneko sareko jardunaldia antolatu dute, Mari Luz Esteban antropologo feministaren parte hartzearekin. Mintegia ostiralean izango da, uztalaren 3an, emakumezko alkate eta zinegotziei zuzenduta.

Angela Eguia Gordexolako alkateak, Eudeleko ordsezkari gisa, eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hasiko dute jardunaldia, 16:30ean, eta sarean ikusi ahal izango da, www.virginiawoolfbasqueskola.eus webgunean.

Mari Luz Esteban Gizarte Antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Feminista, ekintzailea eta'El feminismo y las transformaciones de la política' liburuaren egilea da. Bere hitzaldian, aztergaiari buruzko gakoak emango ditu, lau hautetsik jarraian egingo duten solasaldirako. Hain zuzen, Maria Teresa Córdoba Lapuebla de Labarcako alkatea, Pilar Legarra Asteasuko alkatea, Paula Amieva Getxoko zinegotzia eta Idoia Inoriza Muskizko zinegotzia ariko dira.

Gainera, sareko topaketan izena ematen duten emakumezko alkate eta hautetsiek "modu aktiboan" parte hartu ahal izango dute, zoom plataformaren txataren bitartez galderak eta iruzkinak eginez.

"'Nola eragiten dute mugimendu feministek politika instituzionalaren esparruan eta, zehazkiago, tokiko politikaren esparruan?' edo 'Zer onura dakar mugimendu feministaren eta politika instituzionalean zuzenean parte hartzen duten emakumeen (alkateak, zinegotziak eta teknikariak) arteko harreman bizi eta aberasgarriak?' moduko galderak jarriko dira mahai gainean jardunaldian, eta gai nagusia izango da Euskadin mugimendu feministak azken hamarkadetan bizi izan dituen aldaketak eta horiek zer eragin izan duten politikaren esparruan", azaldu dute antolatzaileek.

Eudelek eta Emakundek 2012. urtean sustatu zuten Virginia Woolf Basqueskola sarearen sorrera, Euskadiko emakumezko tokiko hautetsientzat interes handikoak diren gaien inguruko truke, analisi eta eztabaida espazioak antolatzeko.

Bere arduradunentzat, alkate eta zinegotzien lan politikoa babesten du, eta haiek ahalduntzen eta berdintasuneko tokiko politikak ezartzen laguntzen du. Espazio parte hartzaile eta plurala da, eta aliantzak sortzen ditu Euskadiko udaletan ikuspegi politiko guztietako hautetsien artean, hala gobernuko nola oposizioko hautetsien artean.