Fiskalitateari buruzko gogoeta eta ezagutza sustatzeko jardunaldiak Gasteizen

Fiskalitatea aztergai izango da jardunaldiotan
PIXABAY
Actualizado: miércoles, 10 mayo 2017 12:03

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak "Fiskalitateari buruzko jardunaldiak: zeharkako begirada bat" jardunaldiak antolatu ditu, fiskalitateari buruzko gogoeta eta ezagutza sustatzeko eta iruzurrari buruz ohartarazteko. Jardunaldiak maiatzaren 15ean eta 16an izango dira, Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoan, eta EH Bildu batzarkide taldearekin duen aurrekontu akordioaren ondorioz antolatu da.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: nazioarteko fiskalitatea, Ekonomia Ituna, ingurumenaren gaineko zergak eta iruzurra. Eztabaidak eta mahai inguruak ere izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sindikatu nagusiek parte hartuko dute, bai eta lurraldeko enpresa elkarte eta elkarte sozial nagusiek ere.

"Arabak badu zerga eredu propio bat, aukera ematen duena gure politikak eta gure zerbitzu publikoak arautzeko eta finantzatzeko. Hori dela eta, Arabako Foru Ogasunak gonbita egiten die enpresen ordezkariei, unibertsitateari, sektore profesionalei eta herritarrei oro har, jardunaldi horietan parte hartu dezaten. Helburua da gure fiskalitatearen begirada zeharkako eta askotariko bat eskaintzea", adierazi du Jose Luis Cimiano Ogasun Saileko foru diputatuak.

Cimianoren esanetan, "fiskalitateak denoi eragiten digu, eta, hori dela eta, gure asmoa da jardunaldi hauek aprobetxatzea zerga sistemari buruzko gogoeta eta ezagutza eragiteko".