Fruta eta barazkien kontsumoa bultzatzeko programa bat egingo da EAEko eskoletan

Frutak eta barazkiak kontsumitzearen onurak azalduko ditu programak
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 2 marzo 2012 17:50

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak "Fruta eta Barazkiak eskoletan" programak jarri du martxan, eskolako haurren artean dieta osasungarria bultzatu nahian, fruta eta barazkien kontsumoa azpimarratuz, batez ere, bertan landutakoak direnak, garaikoak eta sistema ekologikoen bitartez lortutakoak. Guztira, 92 tailer eta ekoizle ekologikorekin jarduerak egingo dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 5.000 bat haurrek parte hartuko dute.

   Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur egin duen agerraldian programa horren nondik norakoak azaldu ditu, besteak beste, oinarriak eta helburuak.

   Bere esanetan, "fruta eta barazkiak bultzatzearekin dieta osasungarri baterako ohiturak zabaltzeaz gain, garaiko produktuak, ekologikoak eta gure ingurukoak direnak indartu nahi dira, batez ere, kontsumo jasangarria eta osasuntsurako ohituretan sakonduz".

   "Fruta eta Barazkiak eskoletan" programak, Kontsumobideren eta Hezkuntza Sailaren babesa izateaz gain, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eta Manttangorri produktu ekologikoen erakundeak koordinatzen du, eta ekainera bitartean izango da martxan. Dagoeneko Zumarragako La Salletik, Barakaldotik, Bilbotik, Gasteiztik eta Portugaletetik pasa da.

   Aurreskolako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilek dituzten tailer eta ikastaroen artean, ekoizle ekologikoen bisita da azpimarragarrienetakoa. Horiek landatze prozesuak zeintzuk diren azalduko dituzte, fruta ekologikoak banatuko dituzte eta fruta eta barazkien urteko egutegia zein den azalduko dute.

   Era berean, gurasonetzako prestakuntza ikastaroak emango dira, fruta eta barazki ekologikoak, bertakoak eta garaikoak kontsumitzeak osasunerako, ingurumenerako eta bertako ekonomiarako dakartzan onurak azalduz.