Gasteizko II. Enplegu Azokak 250 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu

Gasteizko II. Enplegu Azokaren kartela
EHU
Actualizado: lunes, 14 marzo 2011 18:19

GASTEIZ, 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako Gasteizko II. Enplegu Azokak 250 lanpostu eskainiko dituzten 30 enpresa lortu ditu, dagoeneko. Azoka apirilaren 8an eta 9an egingo da, EHUko Arabako campusaren Lucio Lascaray Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroan (IAZ).

Antolatzaileek adierazi dutenez, bigarren azoka honetan enpresek hiru modalitatetan parte hartuko dute. Alde batetik, 23 enpresak aldi baterako eta egun osoko 160 lanpostu eskainiko dituzte guztira, hainbat jarduera-sektoretan, eta bestalde, bi enpresak 105 lanpostu eskainiko dituzte, asteburuetako jardunaldi partzialak edo zerbitzu bereziak egiteko.

Amaitzeko, aseguruen eta finantza-produktuen arloan diharduten bost enpresa garrantzitsu daude, guztira hamar lanpostu eskainiko dituztenak. Antolatzaileak enpresekin harremanetan jarraitzen dutenez, azoka egiteko data iritsi arte, enpresa parte-hartzaileen kopurua areagotzea espero da.

Azokan enplegu-eskatzaile gisa parte hartzeko epea gaur ireki da, eta www.empleo-gune.org webgunean enpresei buruzko xehetasunak ikus daitezke, hala nola eskainitako lanpostuak eta eskatutako profil-profesionalak.

Aurten, izen-ematea on-line egiteko aukera eskainiko da lehenengo aldiz, aipatutako webgunean. Era berean, joan den urtean bezala, izen-ematea aurrez aurre egin ahal izango da. Horretarako, curriculum vitae-a eraman beharko da Ignacio Ellacuria Udal Zentrora, martxoaren 14tik apirilaren 1era, honako ordutegi honetan: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 17:30etara, eta ostiraletan 9:00etatik 14:00etara. Aurrez aurreko izen-ematea errazte aldera, antolakuntzak lan-orientazioko talde tekniko bat dauka.

Eskatzaile bakoitzak, gehienez, eskainitako bi lanpostutan eman dezake izena. Hautagaien profilen eta lanpostu bakoitzaren eskakizunen arteko egokitasuna aztertu ondoren, antolakuntza harremanetan jarriko da hautatutako pertsonekin. Jakinarazpen horretan, elkarrizketarako eguna eta ordua baieztatuko dira. Pertsonako gehienez bi lanpostu hautatu behar izateak ez dio eragiten eskainitako beste bi modalitatetan parte hartzeko aukerari.

Era berean, hainbat arrazoi direla-eta, aurretiko aukeratze-prozesuan parte hartu ezin izan duten pertsonek curriculuma uzteko aukera izango dute azokak irauten duen bitartean, enpresa parte-hartzaileek azokaren eremuan jarriko dituzten postontzietan.

Era berean, Gasteizko Enplegu Azokaren bigarren aldiak jardueren egitarau bat eskainiko du, jende guztiarentzat irekia egongo dena, gunearen edukiera osatu arte. Horrela, aurten, hitzaldi-tailerrak kontratazio-ahalmen nabarmena duten sektoreei buruzkoak izango dira, hots, laguntza-teknologiei, garapen iraunkorrari eta I+G+b-ri buruzkoak.