Gasteizko Iradier Arenak kultur jarduera izango du 2022ko urtarrilera arte

Iradier Arenako "Kultura Bizia Gunea" aurkeztu zuteneko argazkia
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: viernes, 17 septiembre 2021 16:30

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak aldatu egin du Kultura Bizia elkartearekin sinatutako lankidetza hitzarmena, proiektuan laguntzaile diharduen Arabako Foru Aldundiarekin koordinaturik, Iradier Arenan kultur jarduerak antolatzen jarraitzerik izan dezan, 2022ko urtarrilaren 10era arte.

"Hasiera batean, urrian bukatzekoa zen Kultura Bizia programa, baina pandemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jo dugu hiriko kultur sektoreari laguntzen jarraitzea, bere jarduna espazio seguruetan gauzatzen jarraitzerik izan dezan, herritarrengan ahalik eta oihartzun sozialik handiena sortuz. Iradier Arenan ekitaldiak sustatzeko formula arrakastatsua izan da, eta urtarrilera arte jarraitzearen aldeko apustua egin dugu", azaldu du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Hain zuzen ere, Kultura Bizia elkarteari 50.000 euroko dirulaguntza ematea onetsi du Gasteizko Udaleko gobernu bilerak ostiral honetan egindako bilkuran, Iradier Arenaren akustika hobetzeko eta espazioak egokitzeko, Kultura Bizia programaren esparruan sustatutako ekitaldiak bertan egin daitezen.

Bestalde, Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatu Ana del Valek adierazi duenez, "bistakoa da espazio hori funtzionatzen ari dela; asmatu genuen horren aldeko apustu egin genuenean, eta komeni da beste hilabete batzuez jarraitzea, Iradier Arenak eskaintzen dituen aukerak behar dituzten agenteen jarduera publikoa nahiz pribatua programatzen jarrai dezan. Ildo horretatik, Foru Aldunditik, Udalarekin koordinatuta, Kultura Bizia bideragarri egiteko elkarlanean jarraituko dugu urtarrilera arte, eta kultur eragile lokalei babesa ematen".

Iradier Arernako "Kultura Bizia Gunea" joan den apirilaren 12an aurkeztu zen eta maiatzaren 1etik aurrera hartu izan ditu jarduerak. Lurraldeko kultur eragileek, Kultura Bizia elkartean antolaturik, era guztietako ekitaldiak programatu ahal izan dituzte bertan, Gasteizko Udalaren, Arabako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, besteak beste, une bakoitzean beharrezko izan diren osasun neurriak hartuta.