Gasteizko tranbiaren hamargarren urteurrena ospatzeko jardunaldia egingo dute asteazkenean

Tranbia Gasteizen
Europa Press - Archivo
Actualizado: martes, 18 diciembre 2018 12:38

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Euskotren sozietate publikoak Gasteizko tranbiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo du asteazkenean, abenduaren 19an, Europa jauregian, tranbiaren lehena, oraina eta geroa jorratuko duen topaketa batekin. Gainera, hil osoan zehar hainbat ekintza egingo dira erabiltzaileentzat, geltokietan zein unitateetan bertan, eta ospakizun erakusketa bat izango da ikusgai Europa jauregiaren kanpoaldean.

Euskotrenek gogoratu duenez, 2008ko abenduaren 23an, egun hotz eta euritsu batean, Gasteizko tranbia Ibaiondoko garajetik atera zen bere lehen bidaia egiteko Angulemara, bi urte eta erdi baino gehiago obretan egon ondoren. "Gaur egun, tranbia Gasteizko eguneroko bizitzaren parte da. Garraio fidagarri, seguru eta puntual gisa finkatuta dago, eta urtean zortzi milioi bidaiaritik gora izaten ditu", adierazi du.

Halaber, 2019 berrikuntzaz beteriko urtea izango dela jakinarazi du, eta hirugarren hiruhilekoan tranbia hegoaldera zabalduko dela nabarmendu du (unibertsitateak). Beste berrikuntza bat izango da zazpi moduluko unitateak gehituko direla. Modulu horiek 44 metro luze izango dira, oraingoak 31 metrokoak diren bitartean. Azpiegiturari dagokionez, garajea handituko da, eta Lakuako, Abetxukoko eta hiriguneko adarretako oraingo geltokiak tranbia berrietara egokituko dira. Gainera, mugikortasun murriztua duten kolektiboen irisgarritasun beharrizanak bermatuko dira.

Euskadiko herri erakunde nagusiak asteazkeneko jardunaldian izango dira. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak inauguratuko du jardunaldia. Lehenengo hitzaldia Salvador Rueda Bartzelonako Ekologia Agentziako zuzendariak emango du; Rueda da Gasteizeko Mugikortasun Planaren egilea, eta "Gasteizko garraio publikoa, hiriko mugikortasunaren ardatz egituratzailea" izenburuko hitzaldia eskainiko du.

Ondoren, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak mahai inguru batean parte hartuko dute, Ruedarekin batera, tranbiak hirian dituen erronkei eta etorkizuneko hazkunde aukerei buruz hitz egiteko.

Atseden labur baten ondoren, Bordeaux Metropole erakundeko Geraldine de Matteo-k "Tranbia, Bordeleko konurbazioko mugikortasunaren funtsezko ardatza" hitzaldia emango du jardunaldiaren amaiera aldera. Bordeleko tranbiaren arrakastaz eta metro arinak hirian eragin duen eraldaketaz hitz egingo du. Ikerfel enpresako Joseba Ezpeletak osatuko du jardunaldia, eta gasteiztarrek tranbiaz duten pertzepzioari buruz egin den azterlana aurkeztuko du. Jardunaldia doakoa da eta herritar guztiek har dezakete parte. Lotura honetan eman daiteke izena: http://www.tisasa.es/fomulario_Euskotren/

Gainera, Europa kongresuen jauregiaren kanpoaldean, "10 urte bizi-bizi" izeneko erakusketa izango da ikusgai abenduan zehar. Gasteizko tranbiaren historia eta etorkizuna aztertuko ditu erakusketak modu grafikoan eta atseginean.

DATUAK

Euskotrenek jakinarazi duenez, 2017 "oso urte oparoa" izan zen Gasteizko tranbiarentzat, 8.137.654 bidaiarik erabili baitzuten, eta, dirudienez, zifra hori gainditu egingo da aurten, urriaren 31an %1,1 bidaiari gehiago garraiatu baititu, iazko epe berarekin alderatuta. Angulema da oraindik gehien erabiltzen den geltokia, eta jarraian Legebiltzarra, Europa, Honduras eta Antso Jakituna daude.

Gainera, aurreikusi da 2019an kopuruak hobera egingo duela, hirugarren hiruhilekoan, gutxi gorabehera, hegoaldera zabaldu eta hiru geltoki berri izango dituelako: Florida kalean, Hegoalde gizarte etxearen ondoan eta unibertsitateko campusaren inguruan. Erritmo onean eta ezusteko handirik gabe egiten ari dira Angulema kaletik tranbiari jarraipena emateko obrak.

Hegoalderako zabaltze zerbitzua abiarazteko dagoela eta Salburuara eta Zabalganara hedatzeko aukera jomugan duela, Euskotrenek pixkanaka handituko du tranbiako unitateen edukiera. Horrela, 2019ko amaieran, ohikoa izango da zazpi moduluko eta 44 metroko luzera duten tranbiak ikustea, egungo bost moduluko eta 31 metroko luzera dutenekin batera.