Gasteizko XIII. Ganbera Zikloak zazpi kontzertu eskainiko ditu apiriletik urrira

Gasteizko XIII. Ganbera Zikloa aurkeztu dute.
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: miércoles, 27 marzo 2024 14:28

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Ganbera Zikloaren 13. edizioa ospatuko da apiriletik urrira eta zazpi kontzertu eskainiko ditu Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian. Carlos Seco izango da zikloaren zuzendari artistikoa.

Aurkezpenean jakinarazi dutenez, apirilaren 14an hasiko da zikloa, Magna boskotearekin. Ondoren, Cametara Gasteiz taldeak A. Brucknerren '7. Sinfonia' interpretatuko du maiatzaren 19an, eta astebete geroago,k maiatzaren 26an, Euskadiko Musikari Gazteak lehiaketako saridunen kontzertua izango da.

Ekainaren 9an, Samaniego abesbatzak G. Faureren 'Requiema' interpretatuko du, Aitor Olea lagun duela organoarekin. Irailaren 8an, Olatz Ruiz de Gordejuela (biolina), Andoni Mercero (biola) eta Salvador Bolon (biolontxelo) arituko dira, eta urriaren 13an Ander Perrino kontrabaxu jotzaileak eta Jarkko Riihimäki pianistak joko dute. Zikloa urriaren 27an amaituko da, Goldberg Project taldearekin.

Zikloaren helburua da Gasteizko musika egitaraua aberastea eta tokiko musikariei ikusgarritasuna ematea, proiektu berriak garatzen lagunduta. Gainera, zikloak beti izan du oso kontuan belaunaldien arteko erreleboa, eta horretarako, bakarlari gazteen emanaldiak programatu izan ditu eta eskarmentu handiko musikariekin batera taldeetan parte hartzea bultzatu.

Horrela, zikloaren 13. edizioan beste urrats bat eman nahi izan da ildo horretan, 'Guridi Gazteak' programarekin, musikako ikasleak aurkeztuz. Kontzertu bakoitzaren hasieran arituko dira, preludio gisa, egitarauko artisten aurkezpena eginez.

Abonamenduak www.entradium.com webgunean eskuratu ahal izango dira 35 euroren truke, eta eres.lagunak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez ere erreserbatzeko aukera egongo da. Emanaldi bakoitzerako sarrerek, bestalde, 7 euro balioko dute eta webgune berean eta kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago arte egongo dira eskuragarri, aretokko sarreran. 30 urtetik beherako ikasleek eta langabeek doan sartzeko aukera izango dute.