Gazte bolondresen zortzi auzolandegi eskainiko ditu aurten Auzolandegiak programak EAEn

Gazte bolondresen zortzi auzolandegi eskainiko ditu aurten Auzolandegiak programak
IREKIA
Actualizado: martes, 7 mayo 2019 13:44

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Gazte boluntarioen zortzi auzolandegi izango dira udan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Auzolandegiak 2019 programaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen du programa, eta Agurain, Arraia-Maeztu, Gaubea, Lekeitio, Sopuerta, Zamudio, Lemoa eta Bergaran egingo dira auzolandegiak.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak udal horiekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko baimena eman du astearte honetan, auzolandegiak egin ahal izateko.

Auzolandegiak 15 eguneko txandetan banatuko dira, Lekeitiokoa izan ezik, 15na eguneko bi txanda izango baititu. Parte hartzaileek hainbat jarduera izango dituzte eskura, besteak beste, hezegune bat berreskuratzea Agurainen, arkeologia indusketa egitea Maeztun, Villamordoneseko eremua egokitzea Gaubean, bidegorri bat gaitzea Sopuertan, Bergarako eta Lekeitioko egoitzetan hirugarren adineko pertsonak dinamizatzea, lubakiak eta memoria berreskuratzea Lemoan eta ahultasun nutrizionaleko egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzea eta laguntzea Zamudion.

Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioarte eremukoak izango dira, eta atzerritarrak izango dituzte, erreferentziazko hizkuntza ingelesa izanik. Gainerako auzolandegietan Estatuko autonomia erkidego batzuetako gazteek parte hartuko dute, eta erreferentziazko hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.

BABES HANDIA

Gazte boluntarioen Auzolandegiak programak babes handia izan du Euskadin aurten. Horrela, 554 euskal gaztek eman dute aurretik izena parte hartu ahal izateko, epea amaitzean. Azkenean programan parte hartuko duten gazteek Estatuko autonomia erkidegoetako edo Europako beste herrialde batzuetako auzolandegietan lan egin ahalko dute, beste urte batzuetan bezala. Plazen trukean, autonomia erkidegoetako 100 gaztek eta atzerriko 50 gaztek Euskadiko auzolandegietan parte hartzea aurreikusi da.

Horrela, 2019an plazak eskainiko dira autonomia erkidegoetan eta atzerrian dauden auzolandegietarako. Atzerrian, honako herrialde hauetan daude auzolandegiak: Alemania, Armenia, Estonia, Frantzia, Grezia, India, Islandia, Italia, Letonia, Maroko, Nepal, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Taiwan eta Turkia.

Auzolandengien bidez zenbait balio sustatzen dira, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea, kulturen arteko ikaskuntza eta abar. Programaren helburua da hainbat jatorri eta kulturetako gazteen artean kultur trukea eta bizikidetza bultzatzea, eta, horretarako, auzolandegiaren harrera leku den erkidegoaren ondasunean eragina izango duen boluntariotzaren lana garatzea.