Geoparkeak ekimen ugari antolatu ditu Deban, Mutrikun eta Zumaian, Europako Geoparkeen 9. Astea ospatzeko

Geoparkeak ekimen ugari antolatu ditu Deban, Mutrikun eta Zumaian, Europako Geoparkeen 9. Astea ospatzeko
GEOPARKEA - Archivo
Actualizado: viernes, 17 mayo 2019 12:40

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak Gipuzkoako Deba, Mutriku eta Zumaia udalerrietan, bederatzigarren urtez jarraian, larunbatetik datorren maiatzaren 25era bitartean. Europan egun dauden 73 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.

"Lur azpiko mundu ezkutua" izenburupean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira. Egitarau osoa www.geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke.

Europako Geoparkeen Astea larunbatean abiatuko da, maiatzaren 18an. Debako Ermittia Bekoa kobazulora espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak, Felix Ugarte Espeleologia taldearekin batera. Dagoeneko taldea osatuta dago eta ez da plazarik geratzen.

Iganderako, hilaren 19rako, mendi irteera antolatu da Mutrikun. Hain zuzen, "Geoparkeko Bira" deritzon egitasmoa abiatuko du Geoparkeak, lurralde osoa zeharkatuko duen mendi ibilbidearen lehenbiziko etapa eginez, Saturraranen hasi eta Olatz auzoraino. Geoparkearen asmoa da, urtez urte, "Geoparkeko Bira" osatuko luketen zortzi etapak burutzea.

Hitzordua 09:00etan izango da, Mijoa industrialdean. Itzulerako bidea autobusez egingo da. Plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Mutrikuko turismo bulegora deitu behar da, 943 60 33 78 telefonora.

Halaber, maiatzaren 21ean, Deban, ekimen berritzaile bat egingo da lantegi moduan. Parte hartzaileek ingurunearen eta paisaiaren bilakaera ulertzeko aukera ematen duten ikerkuntza teknikak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izango dute. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari talde batek gidatuko du lantegia, 18:00etatik 20:00etara egingo da Alamedako kioskoan, eta doakoa izango da.

Bestalde, GeoTalks ekimenaren hirugarren edizioa antolatuko du Geoparkeak maiatzaren 22an, "Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa" izenburupean. Zientzia eta zinema lotuko ditu ekimenak: "El día que murió el mesozoico" film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da (gaztelaniaz).

OHOREZKO GEOPARKEZALE

Aurretik, EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide Xabier Orue-Etxebarriak Ohorezko Geoparkezale oroigarria jasoko du. Lehen aldiz emango den aitorpenarekin, Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertu eta aintzatetsi nahi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Ia 40 urte luzez egindako ikerketa lan mardulari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du. Azpimarratzekoa da, esaterako, Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua. Horregatik guztiagatik, eta laguntzeko beti prest egon delako, Geoparkeak Ohorezko Geoparkezale oroigarria emango dio. Ekitaldia irekia izango da eta Zumaiako Aita Mari zinema aretoan egingo da, maiatzaren 22an, 19:00etatik aurrera.

Halaber, maiatzaren 23an, Xabier Peñalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak hitzaldia emango du, Debako Praileaitz I haitzuloan egin dituzten azken aurkikuntzen berri emateko. Hitzaldia Debako Kultur Elkartean izango da, 19:00etatik aurrera.

Gainera, hilaren 24an publiko gaztea izango da protagonista. "Espeleologoa naiz" marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, 6 eta 12 urte bitartekoak. Sarien banaketa Zumaiako Oxford aretoan egingo da, 18:00etan.

Azkenik, maiatzaren 25ean, eskuko telefonoarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzea gogoko dutenek eta teknika berriak ikasi nahi dituztenek hitzordua izango dute Zumaian: Soraya Lopezek eta Sonia Alvarezek "Atera argazkiak naturari zure mugikorrarekin" lantegia eskainiko dute.

Egun osoko saioa izango da, 09:00etatik 13:30era (teoria) eta 16:00etatik 19:00etara (praktika). Alondegian egingo da eta izen-ematea doakoa da. Interesa dutenek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz eman behar dute aurrez izena. Egun berean, "Karsteko zaporeak" bisita gidatua eskainiko du Geoparkeak dohainik, euskaraz.

ATE IREKIAK

Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte euren baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko. Nautilusen sarrera irekia maiatzaren 18an, 19an eta 25ean izango da, eta Algorrin, berriz, Geoparkearen Astean zehar, maiatzaren 18tik 25era.

Era berean, Ekaingo kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrenaren harira, erakusketa ireki da Debako Agirre jauregian. Lehenengoz, Ekaingo labar pinturen kalko originalak erakusten ditu erakusketak, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak, hain zuzen ere. Erakusketa ekainaren 9ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00- 14:00).