Getxoko 74. Zirkuitua-Otxoa Anaien Oroimenezko lasterketak 15 talde bilduko ditu

- GETXOKO UDALA

Actualizado: martes, 23 julio 2019 17:19

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak antolatzen duen Getxoko Zirkuituaren 74. edizioak (Otxoa Anaien Memoriala) nazioarteko maila duten 15 talde izango ditu irteeran uztailaren 31n, eta Jonathan Castroviejo txirrindulari getxoztarrak diseinatutako ibilbide berrian egingo da.

Zirkuituaren aurkezpen ofiziala astearte honetan egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Punta Galea Txirrindularitza Elkarteko arduradunak, Mikel Guinea presidentea buru zela.

Lasterketak 85.000 euroko aurrekontua du eta Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen egutegian mantentzen da. Saritan 14.500 euro inguru banatuko ditu. Goizeko 09:00etan abiatuko da Getxoko epaitegien aurretik, eta bertan egongo da kokatuta helmuga ere.

Ibilbidea Jonathan Castroviejo Ineos taldeko txirrindulari getxoztarrak diseinatu du, eta hemendik aurrera probaren kirol aholkularia izango da. Berrikuntza moduan, 192 kilometroko ibilbidean, Unbe gaina igoko da EHUko Leioako campusaren aldetik, udalerriko erdiguneko kaleetan zehar igarotzearekin batera. Guztira, tropelak zortzi bira eman beharko dizkio 24 kilometroko zirkuitu berriari.

Edizio honetan ondorengo talde hauek hartuko dute parte: Movistar, Caja Rural, Burgos, Polartec-Kometa, Euskadi, FC Oporto, Euskadi Murias, Guerciotti-Kiwi Atlántico, Delko Marseille Provence, Vital Concept, 303 Proyect, Massi Vivo Grupo Oresy, Vito Feirense, Vib Sports eta Interpro Cycling Academy. Aurrez izena emandakoen artean, Giroaren azken irabazlea dago, Movistar taldeko Richard Carapaz ekuadortarra.

Aurten, lasterketaren ohorezko zuzendaria Marcel Wüst alemana izango da, 1998ko edizioan Getxon txapeldun izandakoa eta sprinter ospetsua, etapako garaipen ugari dituena Espainiako Vueltan, Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean.

Getxoko Udaltzaingoak trafikoan neurri bereziak hartuko ditu bezperan zein lasterketa egunaren goizean, segurtasuna bermatze aldera. Antolakuntzak proba ikustera joateko metroa erabiltzea gomendatu du. Zirkuituari eta trafikoaren inguruko xedapen bereziei buruzko informazio gehiago www.puntagalea.com web orrian dago.