'Getxoko Balkoiak' lehiaketa antolatu dute berrogeialdian zehar sormena sustatzeko

"Getxoko Balkoiak" Lehiaketa
GETXOKO KULTUR ETXEA
Publicado: sábado, 4 abril 2020 13:30

BILBO, 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Kultur Etxeak 'Getxoko Balkoiak' izeneko lehiaketa jarri du abian, berrogeialdia dela-eta herritarrek beren etxeetako balkoi, terraza eta leihoetan egiten dituzten esku hartze artistikoak sustatu eta saritzeko asmoz. Bat-batean sortu diren jarduera horiek abiapuntu hartuta, herritarrak beren gaitasun artistikoak erakustera animatu nahi ditu ekimenak, alarma egoerak dirauen bitartean sormen kulturala mantentzeko asmoz.

Getxoko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez, lehiaketarako deialdia alarma egoera amaitu arte egongo da zabalik (edozein kasutan ere, gehienez bi hilabetekoa izango da parte hartzeko epea), eta ekitaldi artistiko anitzak egitea du ardatz nagusi, besteak beste, antzezpenak, lan musikalak, ipuin kontaketak, magia ikuskizunak, bertso saioak, dantza koreografiak, txotxongiloak eta irakurketa dramatizatuak.

Esku hartzeak edozein hizkuntzatan egin ahal izango dira eta horien iraupena, gehienez, 15 minutukoa izan beharko da. Saio guztiak, balkoi, terraza, begiraleku, leiho, teilatu lau eta, oro har, eraikin baten barruan dauden eta kanpoaldera zabalik dagoen edozein espaziotan egin beharko dira.

Jardueran parte hartuko duten pertsonak etxebizitza berean bizi behar dira, eta ez dira onartuko bizilagunak lekualdatzea dakarten edo martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren xedapenak urratzen dituzten proposamenak.

Helbidea Getxon daukaten pertsona fisikoek soilik hartu ahal izango dute parte deialdian, eta nahi beste esku hartze aurkeztu ahal izango dituzte. Parte hartu ahal izateko posta elektronikoa bidali behar da kulturetxea@getxo.eus helbidera, datu pertsonalak eta bideoaren esteka jarrita. Halaber, partaideek sare sozialetara igo behar dute esku hartze artistikoaren bideoa (Facebook eta Instagram gomendatzen dira), #Getxokobalkoiak traolarekin, eta Getxo Kultura etiketatu.

Deialdiaren oinarriak www.getxo.eus/getxokobalkoiak webgunean eta Getxo Kulturaren sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram) daude eskura.

Lehiaketak 600na euroko hamar sari banatuko ditu. 'Atsegin dut' gehien dituzten bost bideoak automatikoki sarituko dira, eta gainerako bostak epaimahai batek emango ditu, kalitate artistikoari dagozkion irizpideen arabera. Epaia, berandurenez ere, parte hartzeko epea itxi eta 15 egun barru jakinaraziko da, eta apelaezina izango da.