Getxoko (Bizkaia) bela eta arraun pabiloiek lehen saria lortu dute Europan beren kalitate eta diseinuagatik

Sarituak Izan Diren Pabiloiak
GETXOKO UDALA
Actualizado: jueves, 28 abril 2011 15:12

BILBO, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Kirol Portuko bela eta arraun udal pabiloiek Valentziako I. Europako Kirol Azpiegituren Biltzarreko sari nagusia lortu dute beren kalitate eta diseinuagatik. Jaeneko (Andaluzia) arkitekto talde baten eraikinarekin batera lortu dute saria instalazio getxotarrek.

Biltzar hau biurtekoa izateko jaio da, eta martxoaren 31tik apirilaren 2a arte egin zen Valentzian, 2011ko Kirolaren Europako Hiria izateko izendapenaren harira. Bertan, kirol azpiegituren diseinu multzo garrantzitsua bildu zuen erakusketa egin zuten, eta multzo horren barruan zegoen ere Getxoko pabilioien diseinua. 2008an zabaldutako bi ekipamendu hauen diseinua euskal arkitekto talde baten lanaren emaitza da; taldea Peru Mugika, Ander Aginako, Julen Altuna, Amaia Celaya eta Jakinda de Goyarzuk osatzen dute.

Getxoko udal azpiegitura honek lortzen duen hirugarren saria da, 2010ean Madrilgo "Vivir con madera" eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Sarietan finalista izan baitzen.

Biltzarraren epaimahaikoek bela eta arraun pabiloien eraikitze-sistema, bere egileen arabera "xumea, argia eta kostu txikikoa", eta ingurunera egokitzen direla baloratu zuten, batez ere. Bereziki, ekipamenduaren kanpoko alertze egurrezko estaldura aintzat hartu zuten epaimahaikideek.

Bela eta arraun udal pabiloiek miloi eta erdi euro inguruko aurrekontua izan zuten, eta beren azken helburua getxotarrei kirola egitea -bereziki ur kirola- ahalbidetu eta erraztea da. Belarenak 1.000 metro koadroko azalera du eta gaur egun Bela Eskola hartzen du. Arraunekoak beste 1.000 metro koadro ditu eta nagusiki Getxo Arraun Taldeak erabiltzen du.