Getxoko Udalak sare elektrikoak egokitu eta argiztapen publikoaren eraginkortasuna hobetzeko proiektua lizitatuko du

Publicado: viernes, 23 agosto 2019 13:12

BILBO, 23 Ago. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak Areetako Barria kalea eta Evaristo Churruca Kaiaren artean dagoen eremuko kanalizazioak eta lurpeko sare elektrikoak zaharberritzeko asmoa du. Aipatutako bi puntuez gain, jarduketak barne hartzen ditu Areeta etorbidea, Urkijo eta Paulino Mendibil kaleetatik hurbilen dauden tarteak ere. Sare elektrikoak araudira egokitzeko eta argiztapen publikoaren efizientzia eta kudeaketa hobetzeko proiektua lizitatzeko aldian dago.

"Helburu nagusia da kanpoko argien instalazioen funtzionamendua, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea, bai eta aplikatu beharreko araudiari egokitzea ere: instalazioen trazadurak gaurkotuko dira eta energia aurrezteko sistema bat jarriko da, argi maila erregulatuz ordutegiaren eta espazio publikoen erabileraren arabera. Jarduketak, halaber, argi kutsadura eta berorrek ingurunean duen eragina murriztea bermatuko du, baita instalazioaren ustiapena eta mantentzeak dakarten gastu arrunta nabarmenki murriztea ere", adierazi dute Udaletik.

Lanak egiteko epea 4 hilabetekoa da, baina lanak hasteko eguna lizitazio prozesua amaitutakoan jakingo da. Jarduketaren arabera, 700 metroko kanalizazioa egingo da eta 9.500 metro kable elektriko ipiniko da. Proiektua lizitatzeko prezioa 197.000 euro ingurukoa da.