GEU elkarteak 'Pyrogenia' zirku ikuskizuna antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunerako, Gasteizen

'Pyrogenia' Ikuskizuna Gasteizen.
GEU ELKARTEA
Actualizado: lunes, 30 noviembre 2020 18:13

GASTEIZ, 30 (EUROPA PRESS)

GEU elkarteak 'Pyrogenia' ikuskizuna antolatu du Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, abenduaren 3an, leku guztiak agortuta daudela. Ospakizuna egun bat lehenago hasiko da, abenduaren 2an, MintzAdromo batekin Oihaneder Euskararen Etxean.

GEU elkartetik astelehen honetan adierazi dutenez, Zirkoloretsua zirku konpainiak eskainiko du 'Pyrogenia', suzko malabar, argi, maskara eta efektu piroteknikoekin betetako ikuskizuna.

Modu honetan, oraindik Euskaraldian murgilduta, Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatu nahi du GEU elkarteak, urteroko hitzordua mantenduz. Gasteizko Euskaraldia, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioarekin batera antolatu du elkarteak aurtengo emanaldia. Andra Mari Zuriaren plazan izango da, 18:00etatik 19:00etara.

Kalean egingo den emanaldia izan arren, edukiera kontrolatuko du GEU elkarteak. Horretarako, lurrean laukiak markatuko dira eta lauki bakoitzean sei pertsona gehienez sartu ahal izango dira. Laukien artean distantzia mantentze aldera 30 lauki inguru banatuko dira plazaren goiko erdian.

Izen-ematea GEU elkartearen webgunean burutu behar zen, eta joan den ostiralean itxi behar izan zuten formularioa 24 ordutan baino gutxiagoan lauki guztiak agortu zirelako.

Bestalde, MintzAdromoa ere antolatu du GEU Elkarteak, Oihaneder Euskararen Etxearekin, Gasteizko Euskaraldiarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean. Mintzodromoaren helburuak euskal hiztun gehiago ezagutzea eta modu dinamiko eta dibertigarrian euskara praktikatzea dira. Mahaietan banatuta parte hartzaileek emandako gaiei buruz aritu beharko dira denbora tarte zehatz batean. Saioa dinamikoagoa izateko erronka bat, sariak eta zozketak ere egongo dira.

Abenduaren 2an izango da MintzAdromoa, Oihaneder Euskararen Etxean, 18:30etik 19:30era. Parte hartzea doakoa da, baina izen-ematearekin, eta aukera oraindik zabalik dago www.geuelkartea.eus webgunean.