DONOSTIA 25 (EUROPA PRESS)
Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateak eginbideak hasi ditu 21 eta 24 urteko bi gizonezko ikertzeko, bide segurtasunaren aurkako ustezko delituak leporatuta, Euskadiko hainbat errepidetatik euren motozikletak ausarkeria nabariaz gidatzeagatik. Aurtengo udan, pertsona horiek "zalditxoak" egiten eta abiadura ausartegietan zirkulatzen grabatutako bideoak igo dituzte beren sare sozialetara.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza uztailaren amaieran hasi zen 21 urteko gizona ikertzen, egiaztatu baitzuen zilindrada eta potentzia handiko motozikleta batekin, batez ere Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko herrietan zehar, maniobra ausartegiak eginez zirkulatzen erakusten zuten bideoak argitaratzen ari zela sare sozialetan.
Pertsona horren maniobra ausartegiak erakusten zituzten bideo askotan ikusten zen "zalditxoak" egiten, hau da, motorra asko azeleratu eta aurreko gurpila airean zela zirkulatzen. Maniobra hori bideo askotan errepikatzen zuen, baita ibilgailuak aurreratzen ari zela ere, zirkulazioko marra jarraituan eta zirkulazioaren kontrako noranzkoko erreitik, baita tunel barruan ere.
Bideoetako batean, gauez N-634 errepidetik zirkulatzen ikusten da, Zumaia parean (Gipuzkoa), 240 km/h-ko abiaduran, motozikletaren belozimetroan ikus daitekeenez, eta Lemoizen (Bizkaia) BI-3151 errepidean grabatutako beste irudi batzuetan, erdi-biribilgune bat "zalditxo" bat eginez eta 145 km/h inguruko abiaduran zeharkatzen agertzen da. Ertzaintzaren ikerketak 27 bideo artxibo aurkitu ditu.
Ikertutako bigarren gidariak ere, 24 urtekoak, hainbat bideo argitaratu zituen sare sozialetan, Gipuzkoako eta Nafarroako bideetan super kirol motozikleta batekin zirkulatzen eta ausarkeria nabariaz gidatzeagatik bide segurtasunaren kontrako ustezko delituak egiten. Bigarren ikerketa horretan irudiak dituzten zortzi artxibo aurkitu dira.
Bideoetako batean AP-8 autopistako tunel batean zirkulatzen ikusten da, Astigarraga parean (Gipuzkoa); hiru erreiko eremu batean, gidariak "zalditxoa" egiten du motorrarekin, eta, ondoren, azeleratu egiten du, harik eta belozimetroak 255 km/h-ko abiadura markatzen duen arte. Halaber, A-15 autobidean Urnieta parean (Gipuzkoa) gauez grabatuta dagoen beste bideo batean, antzeko maniobra bat ikusten da, 273 km/h-ko abiaduran zirkulatzen. Leku berean grabatutako hirugarren bideo batean motozikleta 300 km/h-ko abiadurara iristen da.
Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateak agintari judizialari bidali dizkio atestatuetako eginbideak, eta motozikletak konfiskatu dizkie ikertutako bi gidariei. Ertzaintzak gogorarazi du motordun ibilgailu bat ausarkeria nabariaz eta pertsonen bizitza mespretxatuz gidatzea oso delitu larria dela, prozedura penala dakarrena, bai isun administratiboak eta gidariari gidabaimena kentzea ere.