Gipuzkoa Berdinago proiektuak lan jardunaldi irekia antolatuko du abenduaren 16an, Donostian

Gipuzkoa Berdinagok antolaturiko lan jardunaldia.
SOZIOLINGUSTIKA KLUSTERRA
Actualizado: jueves, 5 diciembre 2019 12:50

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoa Berdinago proiektuak 'Komunikazio publikoan ere hizkuntza berdintasunerantz' izenburuko lan jardunaldia antolatu du, herritar eta eragile orori irekita, Etorkizuna Eraikiz gunean, Donostian. Topaketa abenduaren 16an izango da, eta, egitasmoa egiten ari den ibilbidearen berri emango da alde batetik, eta 2019-2020 ekitaldirako erronka bateratua zertan datzan eta ekitaldien baitan ematen den hizkuntzen kudeaketa eraldatzen eman diren urratsak aurkeztuko dira.

Gipuzkoa Berdinago proiektuaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 18 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean rol garrantzitsua izan dezaketela sinetsita, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko bat egiten dute.

Soziolingustika Klusterretik adierazi dutenez, 2017ko azaroan aurkeztutako 'Gipuzkoa Berdinago' adierazpena izan zen borondate partekatu hori jaso zuen dokumentua. Ordutik, bertan jasotako edukiak gauzatzen ari dira hausnarketa partekatua, formakuntza eta erakunde bakoitzak hartzen dituen konpromiso zehatzen bidez.

2019-2020 ikasturtean, egitasmoko erakunde bakoitzak antolatzen dituen barne ekitaldi jendetsuetan jarri da arreta. Euskararen erabilera eta ikusgarritasuna handitzeko urrats praktiko zehatzak emateko konpromisoak hartu dituzte eta uda ostetik gauzatzen hasiak dira. Erakunde bakoitzaren barne ekitaldi jendetsuak ezaugarri eta baldintza bereziak ditu: kirol klubek akziodunen batzarra egiten dute, kooperatibek bazkideen bilkura, unibertsitateek ikasturtearen irekiera ekitaldi eta abar. Horrez gain, erakunde bakoitzaren testuingurua eta hizkuntzekiko harremana ere ezberdina da.

Bada, abenduaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean, herritar eta eragile orori irekitako lan jardunaldia antolatuko du Gipuzkoa Berdinagok. Batetik, proiektua egiten ari den ibilbidearen berri emango da: 2016tik gaur arte jarraitzen den filosofiaren gakoak eta eman diren urratsak errepasatuko dira. Bestetik, 2019-2020 ekitaldiko erronka bateratua zertan datzan eta ekitaldien baitan ematen den hizkuntzen kudeaketa eraldatzen eman dituzten urratsak aurkeztuko dituzte Gipuzkoa Berdinagoko ordezkariek.

HITZALDIA

Jardunaldia amaitzeko, komunikazio publikoan hizkuntzen erabilera berritzailearen kasu aurreratu bezala, CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals erakundeko hizkuntza aholkularitza zerbitzuko kide Jordi Solé Travéren hitzaldia izango da.

Jardunaldia zabalik dago komunikazio publikoan diharduten enpresa erakunde eta elkarteetako komunikazio arduradunei, euskararen biziberritzean lan egiten duten aholkularitza eta elkarteei, ikerlariei, ikasleei, administrazio publikoko komunikazio eta euskara teknikariei zein interesa duen herritar orori. Parte hartzeko izena eman behar da abenduaren 10a baino lehen euskara@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzita.

Gipuzkoa Berdinagoko kideak dira Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustoko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea eta Real Sociedad.