Gipuzkoako Aldundiak ia 900.000 euro bideratuko ditu kultur proiektuak finantzatzera

Publicado: martes, 7 abril 2020 14:07

DONOSTIA, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak 896.667 euro xedatuko ditu aurten kultur proiektuak finantzatzera. Foru erakundeak onarturiko deialdiak sei laguntza lerro ditu eta astearte honetan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaerak aurkezteko epeak osasun larrialdia amaitzen denean irekiko dira.

Zehazki, 'Susperka' lerroaren helburua da eduki nahiz kudeaketan berritzaileak diren proiektu eta jarduerak laguntzea, hala nola sareko lana, bitartekaritza artistikoa, ikerketa, eta harreman nahiz lankidetza bide berriak. 172.667 euro banatuko dria.

'Olatuak' lerroak 125.000 euro banatuko ditu bokazio eraldatzaileko proiektu berritzaileen artean, eta 'Mundura' izenekoak 90.000 euro proiektu artistikoak nazioartera eraman nahi dituzten Gipuzkoako pertsona fisiko eta irabazi asmorik gabeko entitateen artean.

'Gipuzkoako museoak' lerroaren hartzaileak lurraldeko museoak dira, dinamizazio, kudeaketa eta egokitzapen ekintzak antolatu ditzaten. Orobat, hartzaile izan daitezke erakusketa iraunkorrak eta ondare intereseko multzoak. 264.500 euro banatuko dira.

'Dokumentu ondarea' lerroaren bidez, historia, zientzia eta kultura arloetan duten interesagatik Gipuzkoako dokumentu ondarea osatzen duten dokumentuak zaharberritzea lagunduko da. Gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten dokumentuetarako izan behar da, eta 36.000 euro banatuko dira.

'Indusketa arkeologikoak' arloak 213.000 euro banatuko ditu interes arkeologikoa edo ustezko interes arkeologikoa duten eremuetan egindako esku hartze arkeologikoen artean.