Gipuzkoako Aldundiak sei milioi euro bideratuko ditu aurten ikerketa eta garapenera

Aldundiak eta DIPCek hitzarmena sinatu dute
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2014 18:26

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak sei milioi euro bideratuko ditu 2014. urtean ikerketa eta garapenera, eta, ildo horretan, 660.000 euroko laguntza eskainiko dio Donostia International Physics Center (DIPC) zentroari.

   Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak DIPC bisitatu du gaur, otsailaren 27an, eta Aldundiaren ikerketaren aldeko apustua berretsi dut. Gipuzkoak, krisia gorabehera, I+G arloan egiten duen gastua handitu duela gogorarazi du. Horrela, gastua europar batez bestekoarena baino altuagoa da, eta herrialde aurreratuenekiko desberdintasuna txikiagotzen ari da.

   Garitanok hitzarmen bat sinatu du DIPCren presidente Pedro Miguel Etxenikerekin, eta bertan, Aldundiak aurten 660.000 euro bideratuko dituela zentrora esan du. "Gaur hemen gaude konpromiso bat berresteko. Konpromisoa Donostia Physics Centerrekin. Baina konpromiso bat, Gipuzkoak berrikuntzarekin eta zientziarekin ere", esan du.

   Gipuzkoako ahaldun nagusiak DIPCko instalazioak bisitatu ditu, eta bertan lan egiten duten ikertzaileekin hitz egin du; horietako batzuk Gipuzkoako Aldundiak babestutako 'fellows' programaren bitartez daude bertan.

   Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak sei milioi euro bideratuko ditu ikerketa eta garapenera. Kopuru horretatik hiru milioi ikerketa eta garapena bultzatzeko erabiliko dira, I+G eta inbertsio proiektuei laguntza ematearen bitartez, eta 2,5 milioi ikerketa zentroak (Biodonostia, DIPC, BCBL, Orkestra, Basque Culinary Center, Inbiomed, Elhuyar) eta IKT eta Smart Cities-ekin lotura duten proiektuak indartzera bideratuko dira.

   Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, DIPC fundazioaren 'fellows' programaren ildotik, 400.000 euroko deialdi bat ireki du atzerrian lanean ari diren ikasle eta doktoreak hona ekartzeko, beraien ezagutzen gure enpresen zerbitzura jar dezaten.

   Garitanok gogorarazi du 2012an Gipuzkoak bere Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2,71 I+G arlora bideratu zuela, Bizkaiaren (%1,9) edo Arabaren (%1,66) gainetik, eta Europar Batasuneko batez bestekoaren (%2,06) eta Frantzia (%2,26), Belgika (%2,24) edo Holanda (%2,16) bezalako herrialdeen gainetik.

   "Besteak gelditzen ari diren edo azeleragailutik hanka altxatzen ari diren bitartean, guk bizkortzen jarraitzen dugu. Honek, Alemania, Austria eta Danimarka bezalako herrialde aurreratuekiko desberdintasunak txikitzen laguntzen digu", azpimarratu du.