Gipuzkoako Aldundiak urtea bukatu aurretik hartuko du bere gain Villabonako adinekoen egoitza

Udal eta foru arduradunak Villabonako Sangiago egoitzan
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 20 abril 2015 13:55

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS

   Villabonako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzean sinatuko dute Santiago adinekoen udal egoitza foru erakundeari eskualdatzeko hitzarmena eta beharrezkoa den azken izapidea egingo dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa betez. Hitzarmen honi esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak, eta Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa, aldiz, 2018. urtea baino lehen hartuko du bere gain Aldundiak.

   Ildo horretan, Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodríguez eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo García Amasa-Villabonako Santiago egoitzan izan dira astelehen honetan, Villabonako alkate Galder Azkuerekin, egoitzako egoera bertatik bertara ezagutzeko.

   Rodríguez pozik azaldu da eskumenak berrantolatzeko prozesuak daraman bidearekin, horri esker erantzun bat ematen baitzaie udalen aldarrikapenei eta legeak agindutakoa bete baitaiteke. Gainera, foru eta udal arduradunek langileen ordezkariekin izandako bileran gogorarazi dute Foru Aldundiak blindatu egin dituela zentroetako langileen lan baldintzak, udalekin sinatu beharreko hitzarmenetan klausula bat erantsiz lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko zaiela bermatzeko.

   Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean eta baldintzetan. Villabonako Santiago egoitzak 30 langile inguru ditu eta 36 egoiliar artatzen ditu egoitza eta eguneko egonaldietan.

   Villabonako alkateak Santiago egoitzak herrian duen zeregin aktiboa azpimarratu du, langileen ahaleginei esker herriko gune apartatu izatetik integraziora pasa baita. Udal moduan jarraipena egiten jarraituko dutela jakinarazi du, zerbitzua kalitatezkoa izan dadin eta langileek orain arteko baldintzak edo hobeak izan ditzaten. Herriko eragile garrantzitsu izanik, eurekin kontatzen jarraitzeko asmoa agertu du Udalaren izenean.

KABIA

   Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitza horien kudeaketa bere gain hartzeko, eta prozesua hiru fasetan osatuko da. Aurten bertan, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua, eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie.

   2016rako Kabiak beste sei egoitza kudeatuko ditu: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. Bukatzeko, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasako dira Foru Aldundiaren eskuetara 2017AN eta 2018an. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako egutegia beteko da, eskumenen eskualdatzea osatzeko 2018. urtea jarri baitzuten epemuga gisa.

   Foru diputatuak iragarri du datozen egunetan jarraitu egingo duela Aldundiaren eskuetara pasako diren egoitzak bisitatzen, bertako erabiltzaileei eta langileei lasaitasun mezu bat helarazteko. Hain justu, ostegunean Zumaian izango dira.