Gipuzkoako Aldundiko diputatuen kontseiluak aldizkako bilkurak egingo ditu aurrerantzean lurraldeko udalerrietan

Gipuzkoako Aldundiko diputatuen kontseilua Leintz-Gatzagan.
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 30 abril 2024 14:56

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak aldizkako bilkura ibiltariak egingo ditu aurrerantzean lurraldeko udalerrietan barrena eta Leintz-Gatzagan egin du lehenbizikoa astearte honetan. Astearteetan goizero egin ohi duen bilkuran hartzen dira foru gobernuak lurralde osora begira hartutako proiektu, esleipen eta erabaki nagusiak.

Bada, astearte honetan, Eider Mendoza ahaldun nagusia buru zela, Gatzaren museoan elkartu dira goizean foru diputatuak eta bide azpiegiturei, gizarte politikei eta ingurumenari lotutako hainbat neurri hartu dituzte.

Mendozak kontseilu ibiltariak egiteko erabakiaren "garrantzia eta esanahia" azpimarratu nahi izan du. "Legealdi honetan, Aldundian ezarritako lankidetzazko gobernantza ereduaren esparruan, ahalegin berezia egiten ari gara lurraldeko udalerrien desafio, behar eta proposamenak gertutik ezagutzeko. Gaur hasten dugun ekimen honek, hain zuzen ere, horretarako aukera ematen digu, batetik, eta foru gobernuaren beraren jarduna herritarrengana gerturatzeko parada eskaintzen digu, bestetik", adierazi du.

Gainera, lehenbiziko kontseilu ibiltaria herri txiki batean eta "bereziki" Leintz-Gatzagan egin nahi izan dutela nabarmendu du: "Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzea da Foru Aldundiaren lehentasun nagusia. Helburu horretan aurrera egiteko ezinbestekoa dugu, baita ere, herri txikien egoerari eta bertako biztanleen ongizateari erreparatzea. Gure lurraldeari eta, oro har, Euskal Herriari egiten dioten ekarpena funtsezkoa delako lurralde orekaren, ingurumenaren, ekonomiaren eta hizkuntzaren ikuspegitik".

Horrela, Gipuzkoako Aldundiaren konpromisoa da udalerri txikien alde egin eta legealdi honetan "urrats berriak eta berritzaileak" ematen jarraitzea, bertako biztanleentzat ere bizi aukerak eta ongizatea bultzatze aldera.

LEINTZ-GATZAGA

Konpromiso horren lekuko, Mendozak gogoratu du 1.100 biztanle baino gutxiagoko herrien finantzaketa indartzeko Udal Finantzaketako Foru Funtsan egokitzapen bat egingo duela Gipuzkoako Aldundiak, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin hala adostu ostean. Leintz-Gatzaga izango da, hain zuzen ere, onuradunetako bat.

"Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, horrela, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dutelako aurrerantzean; haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe", azaldu du.

Horrela, diputatuen kontseilua egin aurretik bilera egin dute Eider Mendozak eta Dorleta Elkorobarrutia Leintz-Gatzagako alkateak, herriak aurrera begira dituen beharrizanak eta proiektu nagusiak aztertu asmoz. Kontseiluaren ondoren, diputatuek Gatz Museoa bisitatu dute, herriaren historia eta bilakaera markatu duen baliabidearen berri izanez.

Arratsaldean, Mendozak lan jardunaldia egingo du bailaran. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ordezkariekin elkartuko da eta, ondoren, Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateekin bilera bana izango ditu, tokian tokiko proiektu eta erronkak aztertu asmoz.

Contador