Gipuzkoako produktu ekologikoak zuzenean etxean jasotzeko ekimena abiatu dute Donostian

Ortu bat
ENEEK - Archivo
Actualizado: jueves, 26 marzo 2020 16:32

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Donostia inguruko ekoizle eta egile batzuk batu egin dira Gipuzkoako hiriburuan lurraldeko produktu ekologikoen banaketa kolektiboa egiteko. 'EtxEKO AZOKA' ekimenaren helburua da tokiko elikagai ekologikoen sortak Donostiako etxeetan zuzenean jaso ahal izatea.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa du egitasmoak, eta bere sustzaileak lanean ari dira dagoeneko zerbitzua bestelako tokietan ere eskaintzeko. Eskaintza kolektibotik abiatuta, modu erraz, zuzen eta seguruan, familiek beren etxeetan elikagai ekologikoak zuzenean jaso ahal izatea sustatu nahi du ekimenak.

Astearte eta ostiraletan egingo dira banaketak Donostian. Produktu sortak etxebizitza bakoitzaren atarian emango dira, osasun eta segurtasun baldintza guztiak betez. Ildo berean, ordainketa kreditu txartelaren bidez egingo da. Ekimenaren eta banaketaren errentagarritasuna bermatu ahal izateko gutxieneko eskaera 40 eurokoa izan beharko da. Eskaerak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak garatutako sareko plataforma baten bitartez egin ahal izango dira (www.sareko.net), gutxienez bi egun lehenago.

Ekimenaren barruan, sasoiko barazkiak, ardi eta behi esnea eta esnekiak, arrautzak, zereal ezberdinen ogiak, sagardoa, Idiazabal gazta eta beste hainbat produktu izango dira eskura, guztiak ere Gipuzkoan nekazaritza eredu ekologikoan ekoitziak.

Parte hartzeko, alta eman behar da sareko.net webgunean, 663 234 509 telefonora (WhatsApp) edo sareko@eneek.eus helbide elektronikora honako datu hauek bidalita: izena, bidalketa helbidea, NAN, telefonoa posta elektronikoa.