Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko gakoak aztertuko dituzte ostegunean, topaketa digital batean

Turistak Donostian.
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: miércoles, 2 diciembre 2020 17:21

DONOSTIA, 2 Dic. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Aldundiak 'Elkarrizketak. Etorkizuna eta Turismoa Gipuzkoan' izenburuko topaketa digitala egingo du ostegunean, abenduaren 3an, eta nazioarteko ospe handiko hainbat adituk eta Gipuzkoako hainbat turismo eragilek parte hartuko dute. Sektoreko profesionalen arteko hitzaldi eta elkarrizketen bidez, Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko hainbat gako landuko dira.

Besteak beste, covid-19aren osteko agertokirako bidea zabaltzen ari diren negozio ereduak, merkatu joerak, eta bide zein ideia berriak bilatzea aztertuko dira, mugikortasunaren murrizketak amaitzen direnean, Gipuzkoako sektoreko enpresek beren jarduerari berriro ekiteko ahalik eta baldintza onenak izan ditzaten. Helburua da nazioarteko eta estatu mailako turismo industrian, "Gipuzkoak lehen mailako helmuga izaten jarraitzea eta postu hori indartzea", foru erakundetik adierazi dutenez.

Hizlarien artean daude Antoni Gutiérrez-Rubí komunikazio aholkularia, Natalia Bayona Turismoaren Munduko Erakundeko Berrikuntzako zuzendaria eta Joseba Cortázar Vrbo-Expediako Europarako Marketing zuzendaria.

Era berean, Arantxa Neyrak (Conde Nast taldeko kazetaria), Gorka Lerchundik (Andaluziako Turismoko Sustapena), Raúl Jiménezek (MiNubeko CEO) eta Giuseppe Alipertik (Kyotoko Unibertsitateko Turismoko doktorea) tokiko ordezkariekin eztabaida saioa egingo dute, hala nola Idoia Ezkurdiarekin (Nekatur), Lore Urangarekin (ATRAE), Elena Estombarekin (Gipuzkoako Hotelak), Isabel Aguirrezabalarekin (Donostia Turismoa), Basagaitz Guereñorekin (Deustuko Unibertsitatea), Asier Peredarekin (Aparture) eta Aitziber Cortazarrekin (Debegesa).

Topaketak formatu digitala izango du nagusiki, eta plato batean egingo da. Platotik konexioak egingo dira hainbat hizlarirekin, eta Gipuzkoako profesionalak joango dira bertara. Horri esker, mugikortasun murrizketak gorabehera, estatuko eta nazioarteko turismo sektoreko profesional ospetsuek beren esperientzia partekatu ahal izango dute.

Topaketa jarraitu nahi duten guztiek doan egin ahal izango dute, horretarako prestatuko den 'streaming' plataformaren bidez. Jardunaldiari buruzko informazioa eta izena emateko formularioa web orri honetan eskura daitezke: https://www.gipuzkoa.eus/es/gipuzkoaturismoa.

ZIURGABETASUN EGOERA

Ekimen honen bidez, sektoreak bizi duen ziurgabetasunaren testuingurua argitu nahi du Gipuzkoako Aldundiak, "aurrekaririk gabeko krisi globalak balio kate osoari eragin baitio", hau da, hotelei eta ostatuei, turismo aktiboko enpresei eta enpresa hartzaileei.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, "jarduerari eta enpleguari eusteko laguntzak eta neurriak antolatzeaz gain, sektoreko joera berriei aurrea hartu behar diegu, gure lehiakortasunari eusteko eta turismo eredu iraunkor eta arrakastatsua finkatzen jarraitzeko. Gaur egungo testuinguru aldakorrean, oso garrantzitsua da monitorizazio eta nazioarteko praktika aurreratuenen identifikazio lan hori egitea".