Gizonek emakumeek baino %24 gehiago irabazten dute batez beste hileko, EAEn

IREKIA
Actualizado: martes, 25 junio 2019 12:35

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

"Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan" izenburuko azterlanaren arabera, emakumeen eta gizonen artean hileko soldatan ikusten den arrakala %24koa da, hau da, gizonek batez beste %24 gehiago irabazten dute hileko, emakumeen aldean.

Gainera, Sexuagatiko bereizketa okupazionala da eragin handiena duen faktorea, %35era arte, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakalan. Bereizketa horrek eraginda, emakumeek eta gizonek genero rolei lotutako lanbideetan egiten dute lan, eta soldata arrakala pixkanaka handitzen doa lanbide batean emakumeen kopurua handitu ahala.

"Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan" izenburuko azterlanetik aterarako ondorio batzuk dira. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eskariz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomiako katedradun Sara de la Ricak egindako ikerketa lana da, eta astearte honetan aurkeztu dute, Gasteizen, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta De la Ricak berak.

Azterlanaren arabera, lanbideen feminizazio edo maskulinizazio maila "faktore erabakigarria" da soldata/ordua arrakalan, nabarmen handitzen baita lanbide batean emakumeen proportzioak gora egin ahala eta alderantziz. Horrela, lanbide maskulinizatuenetan %9koa da arrakala, eta feminizatuenetan, berriz, %14koa. Lanak adierazten duenez, sexuagatik bereizketa okupazionala soldata arrakalaren %35aren atzetik doa.

Lucia Gorjon eta Ainhoa Vega ikertzaileekin batera egin du azterlana Sara de la Ricak, "Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta" laneko datuetan oinarrituta eta "Estrategia eta ekintza-plan eragilea Euskadin soldata-arrakala murrizteko estrategia"-ren esparruan.

Azterlanaren beste ondorioetako bat da adin guztietako emakumeek era guztietako hezkuntza mailekin (derrigorrezko ikasketak, lanbide-heziketa eta goi mailako ikasketak), era guztietako kontratuekin eta jardunekin (mugagabeak eta aldi baterakoak, lanaldi osoa eta partziala) eta lanbide mota eta maila guztietan jasaten dutela soldata arrakala.

SOLDATAK

Horrela, ikerketaren arabera, hileko soldatan ikusten den arrakala %24koa da, hau da, gizonek batez beste %24 gehiago irabazten dute hileko, emakumeen aldean. Arrakala hori, alde batetik, lan egindako orduetan ikusten den arrakalak eragindakoa da (%14) eta, bestetik, orduko soldatan ikusten den arrakalak eragindakoa (%11); gizonek %11 gehiago kobratzen dute lan egindako orduko, emakumeen aldean.

Halaber, arrakala sortzen laguntzen duten faktoreetako bat lan merkatuan lan egindako orduen kopurua da (%14ko arrakala). Lanaldi partzialak, Euskadin, gizonen %7an bakarrik du eragina, emakumeen %25aren aldean. Partzialtasuna, ondorioz, emakumeen artean gertatzen da ia osorik eta borondatez kontrakoa da gehienetan, lanaldi partziala duten lau emakumetatik bik bakarrik adierazten baitute egoera horretan daudela lanaldi osoa izateko aukerarik ez dutelako, eta lau emakumetatik batek dio senideak zaindu ahal izateko duela lanaldi partziala.

Gainera, soldata/orduan ikusten den arrakala %11koa da, hau da, gizonek %11 gehiago kobratzen dute lan egindako ordu bakoitzeko, emakumeen aldean. Ezberdintasun horren eragileak faktore ugari izan daitezke, besteak beste, ezberdintasunak giza kapitalean, lan baldintzetan, edo datuek atzeman ezin dituzten beste faktore batzuk, soldata diskriminazio zuzena barnean hartzen ez dutenak.

Azterlanean lortutako emaitza nagusietako bat da orduko soldata arrakala %14,7koa litzatekeela, %11koa izan ordez, baldin eta emakumeek gizonek baino goragoko hezkuntza mailak eskuratuko ez balituzkete. "Horrek adierazten du Euskadiko emakumeen hezkuntza maila handiagoak nabarmen arintzen duela soldata/orduan ikusten den arrakala", azaldu dute.

NEURRIAK

Horrela, soldata arrakala murrizteko neurri batzuk proposatzen ditu txostenak. Gizonen, herri erakundeen eta enpresen aldetik zainketetan erantzunkidetasun soziala sustatzeko neurriak dira batzuk, eta emakumeen nahi gabeko partzialtasun tasa handiari aurre egiteko beste batzuk.

Halaber, emakumeek eta gizonek lan ordainduan emandako orduak arrazionalizatzen eta orekatzen lagunduko duten neurriak ere proposatzen ditu azterlanak, bai eta prestakuntzaren alde apustu egiten jarraitzea ere, lan munduratzea eta ordainsaria hobetzeko estrategia gisa.

Emakumeen kasuan, ikasketen hautaketa eta bokazio profesionala estereotipoek eta genero rolek baldintzatuta egoteari uzteko neurriak proposatzen ditu, eta enpresei eta lan ikuskaritzari soldaten gardentasuna eskatzea soldata diskriminazio egoerak detektatzeko.