Gizonen bizitza lau urtez luzatu du EAEn azken hamarkadan, eta emakumeena bi urtez

Actualizado: lunes, 16 noviembre 2015 13:14

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Gizonezkoen bizitza lau urtez luzatu da batez beste Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken hamarkadan, eta, emakumezkoena, aldiz, bi urtez, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak astelehen honetan jakinarazi dituen datuen arabera.

   Halaber, 2014an, guztira, 20.157 pertsona hil ziren EAEn, 2013an baino %2,4 gehiago; hildako 10.177 lagun gizonak ziren, eta 9.980 emakumeak. Heriotzarik gehien (2.037) urtarrilean izan zen, eta gutxien (1.475) irailean. 100 urtetik gora hildako 326 pertsonen artean, %88,3 emakumeak ziren. 100 urtetik gora hildakoen kopuruak gora egin du azken urteotan, eta goia 2014an jo zuen.

   Joan den urtean zehar hildako pertsonen batez besteko adina 79,3 urte izan zen EAE, 2004an 76,2 urte izan zen bitartean, hau da, 3,1eko

gehikuntza izan da azken hamarkadan. Hiltzean, gizonen batez besteko adina 76,2 urte izan zen 2014an, eta emakumeena 82,6, 2004an 72,2 eta 80,6 urte ziren bitartean, hurrenez hurren. Horrela, azken hamar urteetan, gizonen bizitza lau urtez luzatu da batez beste, eta emakumeena, aldiz, bi urtez.

   Jaiotzak 779 gutxiago izan ziren heriotzak baino, eta herrialdeka, saldo negatiboak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.415 eta 164 biztanle gutxiagorekin, hurrenez hurren, baina positiboa Araban, 800 lagun gehiagorekin.

   Urtebetetik beherako 43 haur hil ziren EAEn. Bizitzako lehen 28 egunetan 29 haur hil ziren, bost lehen 24 orduetan, eta 12 lehenengo astean. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoak %53,5 izan ziren.

HERIOTZA KAUSAK

   Tumoreek heriotzen %31,6 (6.360) eragin zituzten 2014an, zirkulazio aparatuko gaixotasunek %26,7 (5.388), eta arnas aparatuko gaixotasunek %9,3 (1.868). Gaixotasun garrantzitsuenen hiru talde hauen prebalentzia

aldatuz joan da azken hamarkadan: tumoreek eta arnas bideetakoek eragindakoak %16,1 eta %4,5 gehitu dira, eta kardiobaskularrek %6,7 gutxitu.

   Heriotzen kausak bestelakoak ziren bi generoetan. Gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio aparatuko gaixotasunak baino, eta emakumezkoen artean kardiobaskularrak aurrena eta tumoreak bigarren. Halaber, adinaren arabera ere bada alderik: urtebetetik beherakoen artean, heriotzarik gehien jaiotza inguruko gaixotasunek eta malformazio kongenitoek eragin zituzten; 40 urte arte, heriotza kausa nagusiak kanpokoak izan ziren, tartean istripuak eta nork bere burua hiltzeak; 40 urtetik 80 urtera, tumoreak; eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio aparatuko gaixotasunak.

   Zirkulazio aparatuko gaixotasunen artean, infartua urrituz joan da azken hamarkadan heriotza eragile gisa: 2004an 784 pertsona hil ziren arrazoi horrengatik, eta 2014an, aldiz, 531; beraz, %32,3ko jaitsiera izan da.

   Heriotzak eragiten dituzten taldeen artean azken hamarkadetan gehien hazi direnak asaldu mentalak eta nerbio sistemaren gaixotasunak dira. Horrela, azken hamar urteetan, dementziek eragindako heriotzak %52 gehitu dira (2014an, 1.192), eta endekapenezko gaixotasunen artean alzheimerrak eragindakoak %42. Alzheimerrak eragindako heriotzetan, %69,8 emakumeak (2014an 486) ziren, eta %30,2 (210) gizonak.

   Bestalde, azken hamarkadan horrenbeste (%74,4) gutxitu da trafiko istripuen ondoriozko heriotza kopurua, ezen ekarri baitu nork bere burua hiltzea aurreneko kanpo heriotza kausa izatea azken urtean. Trafiko istripuen heriotza kopurua 50 izan zen 2014an, eta suizidioak 186.

   Suizidioen kopurua %8,8 gehitu da 2004tik (orduan 171). 123 gizonek eta 63 emakumek egin zuten bere buruaz, eta istripuetan, 37 gizon eta 13

emakume hil ziren.