Gozategik kontzertua eskainiko du bihar Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, "Bizi-bizirik" diskoa aurkezteko

Actualizado 2011/03/04 18:24:12 CET

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du bihar Durangoko (Bizkaia) Plateruena Kafe Antzokian, gaueko 23:00etan, kaleratu berri duen "Bizi-bizirik" diskoa aurkezteko. Gainera, taldearen azken abestien hitzen egileak diren Xabier Sukia, Aitor Sarriegi eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariak ere izango dira emanaldian, antolatzaileek adierazi dutenez.

Gozategiren seigarren lana da "Bizi-bizirik". 15 urte igaro dira lehen diskoa kaleratu zutenetik eta oraingoan estudioz aldatu dute. Bilboko Balea estudiora jo dute, aro berri bati ekiteko. Teknikari lanetan Asier Ercilla musika-ingeniaria izan dute lagun eta David Nanclares eta Asier Gozategi bera aritu dira ekoizpen lanetan. Diskoaren berezitasunetako bat, taldearen kantuetan haizezko instrumentuen metalen sekzioa sartu dutela da.

Ukitu berezi bat lortu dute eta zuzenekoetara igaro da diskoko lana, aurreko kantei ere metalak sartu dizkietelarik. Aurreko taldekideez gain -Asier Gozategi (trikia eta ahotsa), Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa eta ahotsa), Imanol Goikoetxea (gitarra eta ahotsa) eta David Gorospe (bateria), zuzenekoetan bi oriotar taularatzen dira: Iñigo Perona (tronpeta) eta Joseba Aparicio (tronpeta eta tronboia).

Diskoa indar handikoa den arren, zuzenekoak asko irabazi du azken bi fitxaketekin eta emanaldi biziagoak egin dira hainbat lekutan. Oraingoan, Durangorako Inauteri Jaia antolatu du Plateruenak eta Gozategik bertan joko du, eta musika eskaintzeaz gain, ikuskizuna izango da, hainbat sorpresa izango baitira eta, besteak beste, Iñaki Gurrutxaga, Aitor Sarriegi eta Xabier Sukia bertsolariak izango dira bertan.