Guggenheim Bilbao Museoak ekimen bat abiatu du erakusketak eta alderdi ezezagunak etxetik ikusi ahal izateko

Publicado: domingo, 29 marzo 2020 13:28

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoa itxita dago aldi baterako Covid-19 koronabirusaren zabalkundea oztopatzen laguntzeko, eta itxita dagoen bitartean #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala egingo du, erakusketei buruzko ikus-entzunezko material berriak eta bere jardunei buruzko alderdi ezezagunak jendaurrean aurkezteko webgunea eta sare sozialak baliatuta.

Horrela, museoko arduradunek jakinarazi dutenez, datozen egunotan eduki berriak argitaratuko ditu webgunearen '#GuggenheimBilbaoLive' atal berrian: museoan lan egiten duten pertsonetako batzuk ateak itxita daudela grabatutako bideoak.

Gune birtual berrian, arte arduradunek, zuzendari nagusiak eta bestelako jarduera garrantzitsak egiten dituzten kideek, museoko kontserbazio, hezkuntza eta interpretazio, erakusketen diseinu eta muntaketa nahiz eraikinaren mantenimenduaren errealitateen gertuko ikuspegia eskainiko dute datozen egun eta asteetan, itxierak irauten duen bitartean.

Asmoa da museoko pertsonek ahalik eta modu hurbil eta pertsonalean ematea haien lanekin lotutako xehetasunak, etxean geratu behar den egoerak irauten duen bitartean. Gainera, edozein bisitarik egingo lituzkeen galderei erantzungo diete.

Proiektua martxan jartzeko, 'Gure erakusketak eta Bilduma' atalaren barruan jarri dira lehenengo bideoak, Iberdrolak babesturiko 'Olafur Eliasson: bizitza errealean' erakusketaren harira. Erakusketaren komisario Lucia Agirrek artistari eta gogokoen dituen artelanei buruzko xehetasunak ematen ditu bideootan.

Halaber, datozen egunetan gainontzeko bideoak aktibatzen joango dira museko arduradunak, kategoria guztiak osatu arte. Horrela, 'Gure erakusketak eta Bilduma' atalean jarriko diren bideoei esker, museo barruan itxita geratu diren erakusketa ezberdinetako artelanak ikusgai jarriko dira.

FAMILIAK

Bestalde, 'Museoa familiarentzat' atalari esker, familiartean ezagutu ahal izango dira artelanak eta bideoak ikusi etxeko txikien sormena eta artelanekiko interesa pizteko. Familiei zuzendutako atal honek BBKren babesa du.

Gainera, 'Gure muntaketen gorabeherak' atalean, erakusketetan ikusten ez dena ikusi ahal izango da, protagonistek beraiek kontatuta, eta 'Eraikina beti prest' izenekoan, Frank Gehryk diseinatutako eraikina bikain mantentzeko beharrezkoak diren guneak ezagutu ahal izango dira, makina gelatik hasi eta ezinbestekoak diren beste txoko ezezagunetara.

Azkenik, 'Artea nola zaindu' atalean, artelanak kontserbatzeari buruzko azalpenak emango dira, horixe baita museoaren egiteko nagusietakoa, eta 'Erakusketarik gogoangarrienak' izenekoak berreskuratu egingo ditu museoa inauguratu zenetik bertan ikusgai izandako erakusketa ezagunenetako batzuk.