Guggenheim Bilbao Museoak Euskaraldiarekin bat egin du

Guggenheim Bilbao Museoko Euskaraldiko hamaikakoa
GUGGENHEIM BILBAO
Actualizado: miércoles, 21 noviembre 2018 14:40

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak atxikimendua adierazi dio Euskaraldiari, eta, ekimenari ekarpena egite aldera, euskarazko bisita gidatuak ugaritu ditu eta langile eta bisitariak euskaraz komunika daitezen bultzatu du. Zentzu horretan, museoko langileek formakuntza berezia jaso dute ahobizi eta belarriprest dinamikaren inguruan, Euskaraldiaren eskutik.

Horrela, Guggenheim Bilbao Museoak "euskararekiko duen konpromisoa sendotu du". 1997ko urrian ateak zabaltzearekin batera hartu zuen erakundeak konpromiso hori, eta urteetan zehar eman du fruitua hainbat modutan.

Adibidez, bere arduradunek jakinarazi dutenez, ekimen eta jarduera ugari euskaraz egin dira, eta bisitariei museo esperientzia oso-osorik euskaraz edukitzeko aukera eskaini zaie, egunero izaten diren bisita gidatuen bitartez, artelanak ulertzen laguntzen duten entzuteko giden bitartez, bisitaldia osatzen duten horma-testu eta Didaktikaren bitartez, eta urte osoan zehar egiten diren familientzako tailer eta eskolentzako bisitaldien bitartez.

Halaber, museoko informazio mahai, txarteldegi eta dendako langileek euskarazko arreta eskaintzen diete bisitariei, hala nahi izanez gero, eta erakusketa, jarduera, Museoaren Lagun, Babesle edo prentsari dagokion informazio guztia euskaraz eskaintzen du https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/ web orrian.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Bikain ziurtagiria eskuratu zuen Guggenheim Bilbao Museoak duela bi urte, zilarrezko kategorian. Museoak arte garaikidearen inguruko euskarazko corpus zabala sortzeko egindako ahalegina nabarmendu zuten ebaluatzauileek, baita euskaraz bildu, sortu eta ikertzeko hartu duen lana ere, hizkuntza ondarea zabaltzeko helburuarekin.